Labiaga Ikastolak lagun eta familietan zabaldu nahi duen kanpaina bat martxan jarri du. Ikastolak, bazkideen ekimen eta laguntzari esker, hogeita zortzi urte bete ditu. Beraiek egindako lanari eta laguntzari esker, ikastolak traba aunitz gainditu dituela azpimarratu dute. 1974an, ikastolako bazkideen bidez sortu zen eta orain, ikastolako bazkide gisa, izena emateko deialdia zabaldu dute. Bazkideek hiruhilabeteko, seihilabeteko edo urte osoko kuota ordainduko lukete. Kuota hori bakoitzak nahi duena izaten ahal da, «kantitate ttiki aunitzek laguntza haundia suposatzen baitute». Dagoeneko bazkide direnek ere, izanen dute kuota handitzeko aukerarik, horrela nahi balute. Bertzenaz, orain artekoa mantenduko da.