Iruñako orfeoiaren kontzertua Berako San Esteban Elizan

Xan Harriague 2006ko aza. 17a, 17:00

Pio Barojaren obran oinarritutako “Llanto por Martin Zalacain de Ubiria” zatia entzungai izanen da

Larunbat honetan, Iruñako Orfeoiak kontzertua eskainiko du San Esteban elizan arratsaldeko 19:00etatik aitzinera. Igor Ijurra zuzenduko duen kontzertuan, Raul de Toro arituko da organoan. Iruñako orfeoiak Antonin Dvorack konpositore txekiarraren “Misa en RE” eskainiko du. Dvorak XIX. mendeko musika txekiarraren ordezkari famatuenetariko bat dugu. Aipatutako zatia, Luzany estatuko kapera baten bedeinkapenerako idatzi zuen Josef Hlavaka arkitektoak manatuta. Konpositoreak berak estreinatu zuen 1887an. Orkestrarako bertsioa 6 urte beranduago estreinatu zuten Londreseko Kristalezko Jauregian. Urte guttiren buruan famatua egin zen.

Horren ondotik “Zalacain el aventurero” Pio Barojaren obran oinarritutako “Llanto por Martin Zalacain de Ubiria” Javier Bello-Portu konpositore tolosarraren obra entzuteko aukera izanen da.

Kontzertua bukatzeko Jules Van Nuffelen “Salmo 137 de Super Flumina Babylonis” eskainiko du Iruñako orfeoiak. Obra hau ezaguna da, dituen zati kromatikoentzat, estilo arkaizantearentzat, eta zati biziak eta a capella artean diren kontrastearentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun