Nafarroa Oinezekin Labiaga ikastolak 300.000 euro irabaz dezake

Xan Harriague 2006ko azaroaren 16a

Diru honi esker hainbat urtetako mailegua murrizten ahalko du

Asteazkenean, heldu den urtean Bianan eginen den Nafarroa Oinezaren aurkezpena egin zen Iruñean. Berako Labiaga ikastolako presidentea, Iñaki Castillo, eta zuzendariak, Maider Senperek ez zuten hitz ordua huts egin. Aurtengo edizioa aipatzerakoan balantze hagitz ona egin zuten. Kontu guziak ez badituzte oraindik bukatuak, etekinak 300.000 euro ingurukoak izanen direla adierazi zuten Labiagako bi arduradunek. Iñaki Castillo baikor agertu zen eta suerte bera opa zien Erentzun ikastolakoei.

Gehienetan Nafarroa Oinezko etekinak azpiegitura berriak eraikitzeko baliatzen bada, Berako ikastolaren kasuan, 11 urtez egin duten mailegua murrizteko erabiliko da. Urte guzi hauetan, Nafarroako gobernuarekin itunik ez dute sinatu. Hori dela eta dirulaguntzarik gabe funtzionatu behar izan dute mailegua eginez. Gaur egun 600.000 eurokoa da, baina Nafarroa Oinez 06ko irabaziei esker erdira jautsiko da.

Azkenean DBHko lehen eta bigarren urtetarako hitzarmen lortu dute Nafarroako Gobernuarekin baina horren truke DBHko hirugarren eta laugarren mailak baztertu behar izan dituzte eta ikasleak Toki Ona institutura edo Gipuzkoako zentrotara bideratu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun