Bortzirietako Binakako VI. Pilota Txapelketako finalerdiak ortzegunetik aitzinera

Xan Harriague 2006ko aza. 14a, 13:23

Kimuen eta benjaminen mailako finalak azaroaren 26an jokatuko dira Beran

Bortzirietako Binakako VI. Pilota Txapelketaren finalerdiak jokatuko dira ortzegunetik aitzinera. Arratsaldeko 18:00etan, kimuen B mailako lehen finalerdia jokatuko da Berako Eztegara pilotalekuan. Gure Txokoako Ramuntxo Albistur eta Mattin Garbisu, elkarte bereko Jokin Pinatxo eta Arantzako Ekaitzako Jon Maziziorek osatzen duten bikotearen aurka neurtuko dira.

Egun eta ordutegi berean, baina Igantziko pilotalekuan, Lesaka eta Beraren arteko lehia izanen dugu kimuen B mailako lehen finalerdian. Gure Txokoa elkarteko Ander Errandonea eta Beñat Mitxelena, Arkupe elkarteko Ion Olaizola eta Unai Zamoranoren aurka arituko dira finalerako txartela lortu nahian.

Benjaminen B mailako finalerdiak eta kimuen A zein B mailako bigarren finalerdiak Lesakan jokatuko dira larunbata goizean 10:00etatik aitzinera. Benjaminen B mailako lehen finalerdian Irungo Andoni Eizagirre eta Beñat Dorronsoro, Arantzako Andoni eta Xabier Tabernaren aurka arituko dira. Maila bereko bigarren finalerdian Bera eta Oiartzunen arteko lehia ikusten ahalko da. Nafarrentzat Joseba Pikabea eta Igor Lantzek jokatuko dute eta gipuzkoarrentzat, Iker Mujika eta Mattin Kazabonek. Benjaminen finalerdien ondotik, kimuen mailako gelditzen diren bi finalerdien txanda izanen da. B mailan, oiartzuarren arteko partidua izanen dugu, alde batetik Gaizka Ezponda eta Eneko Orkaizagirre, eta bertzetik, Xabier Azpiroz eta Xanti Leonet. A mailako bigarren finalerdiari dagokionez, eskualdeko ordezkari bat izanen dugu. Igantziko Biltokiko Unai Telletxea eta Joseba Aldabe, Oiartzungo Jokin Marin eta Jon Irigoienen aurka arituko dira finalerako txartela lortzeko.

Kimuen eta benjaminen A zein B mailako finalak azaroaren 26an, igande goizarekin, jokatuko dira Berako Eztegara pilota lekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun