Ajoarriero txapelketa eginen da ferien bezperan

Xan Harriague 2006ko azaroaren 14a

Ondotik egin diren plateren dastatzeko aukera izanen da

Azken urte hauetan bezala, Beti Gazte elkarteak ajoarriero txapelketa antolatu du Bortzirietako ferien bezperan. Sukaldatzea gustuko duten guziek hitzordua dute bikoteka, azaroaren 22an, plaza zaharreko aparkalekuan arratsaldeko 18:00etan. Bakailaoa, piperrak, tomate frijituak, patatak, baratxuriak, olioa eta gatza dira onartuko diren osagaiak. Bertze edozein gauza gehituz gero platera txapelketatik kanpo geldituko da. Olioa, baratxuriak eta gatza ez ezik, bikote bakoitzak Sukaldatzeko beharko dituzten tresna eta osagai guziak ekarri beharko dituzte. 2 kilo bakailao ekartzeagatik bikoteek 40 euro eskuratuko dituzte elkartearengandik. Antolatzaileen lana errazteko, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute ortziralea, azaroaren 17a, baino lehen Beti Gaztera, 012ra edo udaletxera 948637005 zenbakira deituz. Sariak lehen 3 bikoteentzat izanen dira bakarrik.

Joan den urteko txapeldunak, Imanol Zubieta eta Imanol Lopez izan ziren eta bigarrenak Jon Alberro eta Asier Aiestaran. Sukaldatzeko gogorrik ez dutenak baina ajoarrieroa gustukoa dutenak hurbiltzen ahalko dira platerak dastatzen ahalko direlako ardo pixka batekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun