Azienda onenak saritzen duen eskualdeko feria bakarra

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 13a

TTIPI TTAPA

Gure inguruan azienda onenak saritzen duen feria bakarra da Lesakakoa.

Behi aziendetan, errate baterako, hiru kategoriatan banatzen dira:
• Holandesak
• Suitzak
• Haragitakoak (piriniar arrazakoak, blondak edo limusinak)

Kategoria hauetako bakoitzean hiruna sari banatuko dira aurten: 190 euro lehenbizikoarentzat, 160 euro bigarrenarentzat eta 100 euro hirugarrenarentzat.

Horretaz gain, behi-azienden artean hobekien aurkeztutakoari plaka bat ere emanen zaio.

Zaldi aziendei dagokienez, sari nagusia 125 eurokoa izanen da, bigarrena 95 eurokoa eta hirugarrena, 50 eurokoa. Zaldi-azienden artean ere hobekien aurkeztutakoari plaka bat emanen zaio.
Aharietan, azkenik, lehenbiziko saria 35 eurokoa da, bigarrena 25 eurokoa eta hirugarrena 15 eurokoa.
Sari hauek eskuratu ahal izateko baldintza batzuk bete behar dituzte azienda nahiz abeltzainek. Honela, saneatuta egon behar duten Bortzirietako aziendak goizeko 7:00etatik 11:30era aurkeztu behar dira plazan. Aziendak erakustaldian sartu baino lehen, aukeraketa eginen da, bereziki zaldi-azienden artean.
Zenbatu eta sailkatu ez diren aziendei garraio gastuak ordainduko zaizkie: 50 euro behi-aziendei, 25 euro zaldi-aziendei eta 15 euro ahariei. Aziendekin datozen pertsonek guttienez 18 urte izan behar dute, eta aziendak 14:30ak baino lehen erretiratu behar dira herritik

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun