Hamalau gazta aurkeztu ziren Baserritarren Eguneko lehiaketara

Nerea ALTZURI 2006ko aza. 13a, 12:41
TTIPI TTAPA

Tuanekobordako Marixol Almandozek sari nagusia eskuratu zuen

Udazkeneko kulturaldia joan da. Egun horiei akabera emateko Saindu Guzien egunean, urte parrasta batean egin den moduan, Baserritarren Eguna egin zen, Ekaitza elkarteak antolatuta.

Eguraldi mottela izanagatik jende multzoak parte hartu zuen urteroko hitzorduan. Frontoi sarreran azienda sail bat zegoen. Pilotalekua berriz, merkatu ttiki bat bailitzan zegoen azaroaren 1ean. Guzira hogeitabortz postu inguru zeuden eta bertako produktu eta eskulanen erakusketa zein salmenta izan ziren. Hiru mahai erreldo paratuak zeuden mota guzietako elementuekin: barazkiak, fruituak, goxokiak, zerrikiak, opilak, eskulanak,erremintak, ukenduak, kamisetak... Elkartean pintxo eta edariak eskaintzeko ostatua jarri zuen. Aitziber Almandoz eta Gurutze Pikabea trikitilari eta panderojoleak goiza alaitzen zuten bitartean, frontoiaren bazter batean bertako gazta egileen gaztak epaitzeko herritarrak bildu ziren epaimahaia osatuz: Mikel Leiza, Jaime Iturria, Gabi Goia, IƱaki Alustiza, Kontxita Altzuri eta Elena Larralde. Guzira hamalau gazta aurkeztu ziren lehiaketara eta gazta guziak probatu eta puntuatu behar izan zituzten. Iaz baino gazta gehiago aurkeztu da aurtengo edizioan.

Denak ere gazta onak zirela azpimarratu zuen epaimahaiak baina hiru nabarmendu zituzten guzien gainetik: Puntuaziorik altuena Tuanekobordako Marixol Almandozen gaztak lortu zuen eta ehun euroko saria hartu zuen; bigarren gazta Larraburukobordakoa sailkatu zen eta hirugarren postuan,Serorinbordako gazta gelditu zen. Ondoren, lehenengo saria eskuratu zuen gazta erdia enkantean paratu zuten eta hogeitamar euroan basaburuar batek erosi zuen. Gainerako gazta erdiak zortzi euroan saldu ziren. Bertako produktuekin osaturiko zarea ere zozketatu zuten ohitura den moduan eta Geno eta bere familiak saskia etxeratu zuten. Ekaitza elkarteak gonbidatuta, frontoian postua paratu zutenak Pabloenean bazkaldu zuten. Goiz polita izan zen azaroaren 1ean eta giro herrikoiak ez zuen hutsik egin aurtengo Baserritarren egunean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun