Kultur Etxearen proiektua airean dagoela aipatu genuen aitzineko alean eta badirudi gai honek oraindik denbora luzez solasbidea emanen duela. Jakina denez, Nafarroako Gobernuak hitz eman duen dirulaguntzarekin Udala ez da Kultur Etxea egiten hasiko. Ez bederen konbentua ere zaharberritzea aurreikusten duen proiektua.
Joan den astean, azaroaren 8an bildu ziren udal ordezkariak Camino Paredes, Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusiarekin. Juan Fermin Mitxelena alkateak aipatu digunez, honek, dirulaguntza ez dela mugituko erran zien. Hau ikusita, udal ordezkariek aipatu zuten proiektu berria egin beharko dutela, baina konbentua ukitu gabe. Honela, «auditorioa eta liburutegia berritik eginen lirateke, konbentu ondoko belagian. Eraikin berri horren ondoan, ruina egoeran dagoen konbentua geldituko litzatekeela adierazi genien. Izan ere, hau da beraiek emandako dirulaguntzari egokitzen zaion proiektua». Udalak proposatutako aterabide hau, ordea, ez zen kultura zuzendariaren gustuko izan eta bertze dirulaguntza posibleak aztertuko zituela adierazi zuen. Honela, Principe de Viana erakundeko teknikariekin egoera aztertu ondotik, Lesakan eginen litzatekeen bilera batera etorriko litzateke. Bilera noiz eginen den ez da zehaztu oraindik.