«Gure Arrano», hau da ia orain dela 20 urte sortu genuen elkarteari jarri genion izena. Lesakar talde bat elkartu, gaur egun gure egoitza dena erosi, eta auzolanean ilusioz beterik bere zaharberritzeari ekin genion. Denborarekin proiektu honetara herritar gehiago batu dira, une honetan ia 90 bazkide gaudelarik.
Garai horretan elkartea sortzeko genituen helburuak eta oraingoak berdinak dira, hau da: - Lesakaren berreuskalduntzea mota desberdinetako ekitaldiak antolatuz, hala nola, kultur ekitaldiak, gastronomikoak, etab…
- Lesakan dauden talde eta mugimendu desberdinen elkarlana bultzatzea.
Gure etxea Lesakan modu batean edo bertzean lanean ari diren talde eta mugimendu desberdinentzat irekia egon da. Bere proiektuak eta ekimenak aurrera eramateko txoko bat behar izan duen edonori lekua egin diogu.
Duela egun batzuk Guardia Zibila gure egoitzan sartu eta goitik behera miatu zuen. Betidanik defenditu ditugun ideiak eta helburuak zilegiak dira, ez ditugu inoiz gorde eta ez ditugu gordeko, baina horrek nonbait susmagarri egiten gaitu. Tamaina honetako eraso honen aurrean ezin gara ixilik gelditu. Arrano Elkartea kriminalizatu eta honen aitzakipean nahi dutena egiteko eskubidea dutela pentsatu dute. Gure ondasunen «inbentario» bat egiteko etorri omen ziren. ba jakin dezatela guk daukagun ondasun haundiena ordaintzeko ez dagoela diru nahikorik. Gure ondarerik haundiena gure elkartea osatzen duten gizon-emakume eta pertsona hauek herriarekin duten inplikazio maila da. Inplikazio edo konpromezu honen ondorioz, ezin da ukatu Arrano elkarteak Lesakari egin dion ekarpena. Iñauterietan zaku-zaharren kalejira, Sanferminetako bertso saioa, Euskara Batzordean eta Kultur Batzordean dugun partehartzea… honen adibide dira. Gure lana eta gestioaren ezaugarriak gardentasuna eta zintzotasuna dira eta gurekin elkarlanean aritu diren herritarrak eta taldeak dira horren testigu. Lesakan dauden hainbat eta hainbat elkarteen moduan, finantziazioa hilero bazkideaek egiten dugun ekarpenetik lortu dugu. Inbertsio edo gastu haundiak egin behar izan ditugunean kredituak eskatzeari ekin diogu. Gure kontuak garbi daude eta ez dugu erakusteko inongo arazorik.
Kultur ekitaldiak antolazeko administrazio desberdinen dirulaguntzak jaso ditugu, Nafarroako Gobernua eta Lesakako Udalarena adibidez, eta guztiekin gure obligazioak modu txukunean bete ditugu.
«Gure Arranoa» elkartearen jabetza, diru-kontuak, aktak eta jarduerak publikoak dira eta edozeinen eskura daude; non daude halako ekintza sasi-judizialak burutzeko «indizio» edo susmoak. Ez daude. Hemen ideiak eta pentsamoldeak dira jazarriak, ez bertzerik.
Gertakizun larri hauen ondotik, Lesakako talde eta mugimendu desberdinetara jo nahi dugu bi eskakizun hauek egiteko:
1- Arrano Elkarteak izan duen erasoa salatzea.
2- Arrano Elkarteak bere ibilbidean Lesakan egin duen ekarpena kontutan hartuz, bere lana eta iharduera babestea.
Gure Arranoa Elkartea
(LESAKA)