Nafarroako txapel guziak lortu ditu Beti Gazte sokatira taldeak

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 7a

Beti Gazteko sokatira taldea jaun eta jabe izan da Nafarroako txapelketan TTIPI TTAPA

Euskal Herriko txapelketan asteburu honetan hasiko dira lesakarrak

Ez zen ezusterik izan joan den urteko Nafarroako sokatira txapelketan eta Lesakako Beti Gazte taldeak jokoan zeuden lau txapelak arazo handiegirik gabe bururatu zituen. Herrian berean lortu zuten lehen txapela, 680 kilokoa, azaroaren 17an. 640 kiloko txapelketa janzteko, azaroaren 24an Atarrabian eta abenduaren 2an Burlatan jokatutako bi saioetako tiraldi guziak bereganatu zituzten. Bertze horrenbertze egin zuten 600 kiloko kategorian, abenduaren 6an Berriozarren eta abenduaren 15ean Latasan burututako saioetan.

560 kiloko txapela, azkenik, abenduaren 22an Txantrean egindako saio bakarrean lortu zuten lesakarrek. Gisa honetara, joan den urtean bezala, Nafarroako txapel guziak jantzi dituzte. Honela, borrokarik handienak azpitxapelketa lortzeko izan dituzte Imotz eta Txantreak.

Nafarroakoaren ondotik, Euskal Herriko goma gaineko txapelketa prestatzen ari dira orain Beti Gazteko tiralariak. Lehen saioak asteburu honetan eginen dituzte. Ondotik, otsailaren 21 eta 22an Irlandan eginen den Munduko Klub arteko txapelketan parte hartu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun