Oraindik hotzik haundienak ez ditugula pasatu erraten badute ere eguraldi adituek, hotz egunak herrian sumatu dira. Eguberrietako iragarpenak ordea ez ditu trabatu eguraldiak. Herritar saila ibili zen karrikaz-karrika olentzero eguneko arratsaldean eguberrietako kantak kantari. Sei olentzero ateri ziren guzira, eta giroa beroa izan zen, iaz baino lagun gehiago animatu baitzen urteroko hitzordu honetan parte hartzeko. Karrika itzulia egin eta gero, Guraso Elkarteak prestaturiko berendu goxoa dastatu zuten haur, guraso eta gazteek.
Eguberri egunean, eguerdi partean bildu ziren berriz ere guziak herriko plazan. Hotzak ez zituen eragotzi betiko egintzak: Sil-dantzan aritu ziren haurrak, olentzeroak hartu eta eguberri kanta bana abestu zuen talde bakoitzak... baina ez zuten olentzeroa erre. Haize mugimenta ez zenez batere bare, arriskutsua ikusi zuten sua egitea.