Droga mendekotasunaren prebentziorako ikastaroak Beran

Xan Harriague 2006ko azaroaren 6a

Ikastaroa betetzean ziurtagiria eskuratuko

Berako Udalak drogari buruz eramaten ari den programaren barnean, Gizarte Gaietarako Batzordeak droga mendekotasunaren prebentzioari buruzko ikastaroak antolatu ditu hiru larunbatez. Ikastaroa Askagintza elkarteak emanen du Foru Erkidegoko droga mendekotasun plana eta Bortzirietako Gizarte Gaietarako Mankomunitatearen laguntzarekin. Kurtsoak 3 larunbatetan banatuko dira, azaroaren 11 eta 18an eta abenduaren 16an, goizetan 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldetan 15:30etik 17:30era.

Ikastaroan, batetik gai horri buruz Berako herriak eramaten duen planaren berri emanen da eta bertzetik arazo horri buruzko informazioa. Horretarako, drogak, mendekotasuna, kontsumoa eta arriskuak aipatuko dira bertzeak bertze, beti ere batzuen esperientzietan oinarrituz eta bertze toki batzuetan eramaten diren proiektuak kontuan hartuz. Askagintzako Txus Congil eta Aiora Perezek emanen duten ikastaroa ez da guztiz teorikoa izanen eta parte hartzaileen inplikazioa eskatuko da.

Ikastaroa, gai horretan interesa duen edozeini idekia da edota osasunean, hezkuntzan eta prebentzioan lanean edo ikasten ari diren guziei. Ikastaroaren ziurtagiria lortu ahal izateko, kurtsoen %80an parte hartu beharko da eta bukaerako proiektua aurkeztu. Interesatuak direnek izena eman beharko dute azaroaren 9a baino lehen 012ra deituz. Ikastaroaren prezio 60 eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun