Lesakako Beti Gazte taldeak irabazi du Nafarroako sokatira txapelketako lehen txapela. 640 kiloko kategorian Lekunberrin azaroaren 1ean eta Beran azaroaren 4an egindako bi saioak aisa irabazi zituen eta honenbertzez, txapela jantzi zuen. Bigarren posturako lehia estuagoa izan zen, Beran batez ere. Berriozarrek bi tiraldiak irabazi zizkion Amaiurri; gero Txantreak bi tiraldiak irabazi zizkion Berriozarri, baina Amaiurrek biak irabazi zizkion Txantreari. Honela, Berako saioan bina punturekin berdinduak geltidu ziren Txantrea, Berriozar eta Amaiur, baina Lekunberriko tiraldiak kontuan hartuta, 640 kiloko txapelketan txapeldunorde izan da Txantrea, hirugarren Berriozar eta laugarren Amaiur.
Aurpegi berri bat edo bertze ageri bada ere, Nafarroako, Euskal Herriko eta Munduko txapelketa irabaziak diren hainbat tiralari ageri dira Beti Gazteko taldean. 640 kiloko txapela jantzi zuen taldean, Karmelo eta Joxe Angel Mitxelena anaiak, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Iñaki Igoa, Igor Telletxea, Alejo Sarobe eta Joxe Angel Zubiria aritu ziren, Jose Antonio Mujika prestatzailearen erranetara.
Neskei dagokionez, berrikuntza nagusia aurten Beti Gazte taldeak bi talde atera dituela da. Beran egin zuten lehen saioa 520 kiloko kategorian eta Beti Gazte A eta B, Sakanaren gibeletik sailkatu ziren. Larunbat honetan, Lesakan jokatzekoa zen emakumeen 520 kiloko bigarren jardunaldia eta gizonezkoen 600 kiloko lehenbiziko jardunaldia, Beti Gazte, Amaiur A eta B, Txantrea eta Berriozar taldeekin.
Txapelketak aitzinera segituko du larunbat honetan, azaroaren 18an, gizonezkoen 600 kiloko azken jardunaldia eta emakumezkoen 480 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dira Elizondon, 18:00etan.
Azaroaren 26an, azkenik, Arbizuko kiroldegian jokatuko da 12:30ean, gizonezkoen 580 kiloko finala jokatuko da, Amaiur, Berriozar eta Txantrea taldeekin, baita emakumezkoen 480 kiloko bigarren eta azken jardunaldia ere.