Gain-gainean ditugu Eguberriak. Herritarrok modu batean edo bertzean ikusi eta sentitzen ditugu hurreratzen ari zaizkigun egun hauek. Baina orokorrean herrian, beti agerian gelditzen dira urtean behin aintzinera eramaten diren data hauen errestoak.
Eguberrietako kanta polit batek dioen moduan «Hator-hator mutil etxera, gaztaina ximelak jatera…», aspaldian ikusi gabeko familiko edo lagunaren bisita jasoko duen herritarrik bada. Garai batean, mendi lanetan aritzen ziren herriko mutilek etxean goxo-goxo pasatzen zituzten egun hauek. Frantzia aldeko mendietan lanean aritu diren mutilak aunitz dira herrian, gaur egun mendimutilik ez dagoen arren. Hauen etorrera ospatzeko besta eguna izaten zen herrian. Urte batzuetan ohitura galdua izanagatik, bada urte saila Aterpek, bolada hartakoak oroituz aizkora apostua eta bertso bazkaria antolatzen dituela Errege bezperan.
Baina hurbilago Olentzero eguna dugu. Haur, gazte edo adinekoa izan, denek ilusioa izaten dute, baina batez ere olentzeroak egiteko eskolaumeen, irakasleen eta gurasoen ilusioa somatzen da. Urtero bezala, ikasgela bakoitzekoek dotore eginen dute karrika buelta. Baina Eguberri bezperako ekintza honetan, haurrekin batera, gazte, guraso… gehiago animatu zen iaz. Ea aurten ere, lagun gehiago biltzen den taldera baserritarrez egoki jantzita. Eguberri eguneko plazako haurrentzako jokoek ere urte aunitzeko segida dute. Eguerdi parteko beta hau, olentzeroak errez akautzen da: inon ez bezala, Arantzan olentzeroak sutan erreak akautzen dutelako, eta inoiz ez dugu jakin zergatik.
Hurrengo urterarte!
Aurtengo hondar ale honetako hitz hauek herriatar guziei Eguberriak ahalik eta hobekien pasatzeko, desio hori erakusteko bide dira. Era berean, Urteberrion herritarrei eta bertaratzen den orori! Aranztarrok, lagunartean badugu ohitura «Eurrik arte» errateko, elkarri aio errateko modu bat izanik, baina oraingoan «hurrengo urterarte» erran beharko dugu!