Herriko Mairu antzerki taldeak bere bigarren lana taularatuko du igande honetan, abenduak 23, arratsaldeko 19:00etatik aitzinera udal pilotalekuan. Joan den urtean «Trizikloa» antzezlanak izandako arrakastaren ondotik, aurten Fernando Domenech-en «Zugarramurdiko Sorginak» izanen da aurkeztuko duten lana, oraingoan ere Ramon Albisturen gidaritzapean. Joan den urteko lanean bortz antzezle aski izan zuten antzezlana jende aitzinean plazaratzeko, baina «Zugarramurdiko Sorginak» lanean partaide gehiago izanen dira, bai taldeko kide berriak, baita antzezlanean partehartze berezia duten Tantirumairu euskal folklore taldeko dantzariak. Izenburuak dioen bezala, XVI. mendean Zugarramurdin sorginkeriarekin lotutako gertakariak, epaiketak eta zigortzeak taularatuko ditu Mairu taldearen lan berriak.