140 urte bete ditu Jesusen Bihotza Berako monjen ikastetxeak

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 2a

Utzitako argazkiak

Urteurrena erakusketa batekin ospatuko dute

Emakume alargun baten gogoa betez 1861. urtean ailegatu ziren Iruñetik Berara Pauleko San Vicenteren Karidadeko Ahizpen kongregrazioko bortz moja. Legia karrikan etxea egin eta ikastetxea sortu zuten. Lehenik «La Enseñanza» izena jarri zioten, gero «Sagrado Corazón» edo Jesusen Bihotza. Garai batean monjek gobernatutako nesken ikastetxea izan zenak, neska-mutikoak hartzen ditu orain. Hamalau moja daude egun kongregrazioan, baina bakarra ari da irakasle lanean.

Mª Bautista Hualde, Francisco Irazokiren alargunaren gogoa zen ikastetxe bat sortzea Beran, «herriko neskei hezkuntza erlijioso eta zibil onena eman asmoz». Mª Bautista 1858an hil zen bere gogoa bete gabe, baina hil aitzinetik Jose Joaquin Agesta oinordekoari etxea lehenbailehen eraiki eta Pauleko San Vicenteren Karidadeko Ahizpen kongregrazioko bortz moja ekarriaraztea eskatu zion. Agestak zailtasunak izan zituen Mª Bautista Hualderen azken hitza betetzeko, etxea eraikitzeko lekuari buruzko eztabaida piztu baitzen. Azkenean, Bera eta Altzate auzoen arteko erdibidean egitea erabaki zuten, Manuel Peñaren lurretan. Peñari Trukenekoborda eman zioten lur horien truke, baita 1.040 pezeta ere. Lanak 1859an hasi ziren, baina lehen solairura ailegatzerakoan zailtasunak sortu ziren berriz ere, etxe berriak sortzen zuen itzalak beraien lurrei kalte egiten ahal ziela uste baitzuten inguruko bizilagunek. Gainera, «hondakinak ondoko iturri publikoaren urekin nahasiko zirela» uste zuten eta probintziako Gobernadorearengana jo zuten. Kontuak kontu, etxea egin ondotik, Berara 1861ean etorri ziren bortz ahizpa horiek eta sortzaileak berak eskatuta, «bortz horietatik bik guttienez euskaraz jakin behar zuten».

Hasiera batean, «La Enseñanza» izena eraman zuen ikastetxeak, baina abudo Sagrado Corazón (Jesusen Bihotza) paratu zioten. Hain zuzen, Jesusen Bihotzari eskainitako Nafarroako lehendabiziko kapera paratu zuten bertan. Hasieran, ikasleak «externa» zeuden, 16 urtera arte eta egunero etxera joaten ziren. Abudo «interna» moduan ere hartu zituzten eta mojen komunidadea arduratzen zen beraien mantenuaz. Batzuk moja izateko bidea hartzen zuten, bertzeak beraien hezkuntza osatzen zuten, bertzerik gabe.

140 urteotan denetik bizi izan du Pauleko San Vicenteren Ahizpen kongregrazioak eta ikastetxeak: Gerra karlista, Gerra zibila… Carmen Oiartzabal moja beratarrak dioenez, «Isabel II erreginak kaperarako zilarrezko kaliz landua ere opari egin zien mojei. Gerra Karlistan, berriz, Don Karlos erregeak ahizpak bisitatu zituen eta otoitz egiten egon zen. Karlistek ihes egin ondotik liberalak sartu ziren etxean eta erran zieten ahizpei lasai egoteko, ez zitzaiela deus ere gertatuko».

Katezismoa euskaraz

Carmen Oiartzabalen erranetan, «euskaraz erakustea kasik debekatua zegoenean, katezismoa euskaraz ematen zuten hemen Sor Petra eta Sor Luisak. Hori beti mantendu da». Beratarrarekin batera, Manuela, Carmen Ugalde eta Victoria Zulaika ahizpak izan ditugu solaskide. Hauetako batzuk 50 urte baino gehiago dituzte Berako kongregrazioan.
Garaiak aldatuz joan dira. Moja ez zen lehendabiziko irakaslea duela hogeita hamar bat urte hasi zen, Mª Luisa Olano hain zuzen. Gaur egun hamalau moja dauden kongregrazioan, baina bakarra da irakaslea Jesusen Bihotza ikastetxean. Marisol Irigoien irakasle lesakarrak erran digunez, erakusketa berexia prestatu dute 140. urteurrena ospatzeko, abenduaren 23tik aitzinera: «Denetik bildu nahi dugu, uniformeak, notak, kartillak, argazki zaharrak… urte guzi hauek gogoratuz jendeak gozatzea nahi dugu. Momentuan laboreak ditugu batez ere, egiazko edertasunak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun