«Klaseen arteko ezberdintasuna da arazorik larriena El Salvadorren»

Enara ARROBARREN 2006ko azaroaren 2a

Enara ARROBARREN

• 1995eko urtarrilean joan ziren El Salvadorrera Lesakako Garbiñe eta Amaia Larralde ahizpak eta Mertxe Rekondo. Amaiak dioenez, «abentura gisara» joan ziren, baina zazpigarren urtea beteko dute han bi ahizpek.

• Guztiz laketua omen dago Ertamerikako herrialde hartan. «Ez nintzen bortxatuta joan eta ez naiz bortxatua gelditu. Nik aukeratu dut han bizitzea eta lan egitea. Urtean behin etortzea ere gustatzen zait, baina gustora bizi naiz han».

Kasik zazpi urteotan denetik bizitzea suertatu zaizu El Salvadorren, lurrikarak, uholdeak…

Bai, egia da. Ez dakit lurralde haietan bertze lekuetan baina ezbehar gehiago pasatzen diren edota han gertatzen direnak gehiago somatzen diren jendearen bizi-baldintzengatik. 1998an Mitch uholdea pixko bat somatu zen El Salvadorren eta aurten hiru lurrikara izan ditugu hilabete eskas batean. Beldur pixko bat pasatzen duzu, eta guretzat eskerrak beldurra bakarrik izan zela. Baina El Salvador osoan ehun mila etxe baino gehiago erori omen zen.

Egoera hori nola bizi dute etxekoek, deus jakin gabe?

Beldur gehiagorekin oraindik. Lurrikara izan zenean 4-5 ordu inkomunikatuak izan ginen eta hemen momentu larriak bizi izan zituzten.

Horrelako ezbeharrek, nolako ondorioak uzten dituzte han?

Ondorio pila bat uzten dituzte. Etxe deseginak, jendea kanpoan, aterpetan, janaria eta lotarako lekua bila. Hango jendeari etxea erortzen bazaio den-dena galtzen du. Laguntzak hemen baino hagitzez eskasagoak dira. Han hain baliabide gutti dituzte zerbait pasatuz gero dena galtzen dutela.

Honelako ezbeharren ondotik, pixko bat bederen, mugitzen da hemengo jendea. Nabaritzen da hori?

ONGek momentu horietan jasotzen dute dirua, baina hainbertzeko beharra izaten da… Jana eta arropa ematen da berehala. Milioiak sartzen dira, baina ehun mila etxek lur jo dutela pentsa ezazu, familia bakoitzean banaz bertze bortz senide direla… Horrek 500.000 pertsona deus gabe daudela erran nahi du. Hemengo jendearen erantzuna ona izan zen eta etxe batzuk egiten ari ziren, ez hemen bezalakoak noski. Proiektu horretan ari gara, baina han gauzak hagitz mantso egiten dira. Nahiz eta beharra izan, kontraerran handia da, gauzak mantso egiten ditu jendeak. Jasotzen dugun dirua ardura bat ere bada guretzat: bilatu behar duzu nori eman, gainean egon… Dirua bidaltzea eskertzen da, baina aldi berean lan gehigarria da guretzat.
Ezbehar hauetaz gain, zein da herrialde haietako arazo larriena?
Klase batetik bertzearen arteko ezberdintasuna dela iruditzen zait. Hemen maila beretsuan bizi gara, baina han batzuk hagitz ongi bizi dira, hemen baino hobekiago, eta bertze batzuk pobrezi handian. Gazteak kontzientziatzen ari dira pobrezitik ateratzeko ikasi behar dutela. Baina horretarako beka bat lortu behar da, bertzenaz ezin dute hirira joan.
Gobernuz kanpoko Erakunde batean aritzen zara, baina zer gisatako lana egiten duzu zehazki?
Nik mailegu edo kredituekin lotutako proiektuetan egin dut lan. Hango jendeak bere lur puska izaten du auniztan, baina ez du nola erosi lur hori lantzeko tresnak. Jendea antolatu, kredituak eman, diru hori bueltatu behar dela kontzientziatu…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun