Puerto Rico eta Indonesiako abesbatzak Beran

Xan Harriague 2006ko azaroaren 2a

Munduko hainbat tokitan aritu diren bi abesbatzek kontzertu bana eskainiko dute Kultur Etxean

Berako abesbatza eta kultur batzordeak Abesbatza Zikloa antolatu dute azaroaren 2tik 18ra. Lehen hitzordua heldu den ortzegunean izanen da Berako Kultur Etxean 20:00etatik aitzinera Coralia Puerto Rico abesbatzaren eskutik. 1982an sortu zen taldea 16 emakume eta 16 gizonez osatua dago denak bakarlari bezala adituak. Carmen Acevedoren zuzendaritzapean Amerika latineko obrak ematen dituzte batez ere. Ospe handiko abesbatza da. 2003an Puerto Ricoko orkestra sinfonikoaren 45 urteurrena ospatzeko New Yorkera bidaiatzeko aukeratua izan zen. Horrez gain Puerto Rico ordezkatzeko jaialdi anitzetan hartu du parte. Amerikako Estatu Batuetaz gain munduko bertze herri batzuetan ibili da, Kanadan, Mexikon, Dominikar Errepublikan, Italian eta Espainian bertzeak bertze.

Bigarren kontzertua, ondoko igandean izanen da, azaroaren 5ean ordutegi eta toki berean. Emanaldi huntan, Asiako doinuetaz gozatzen ahalko da Indonesiako Batavia Madrigal Singers abesbatzaren eskutik. Aurten 10 urte betetzen dituen abesbatza osatu zen Parahyangan Unibertsitate Katolikoaren ikasleekin. Geroztik, Avip Priatna zuzendaritzapean, ospe handiko hainbat sari eskuratu ditu, hala nola, Frantziako Toureko Florilege Vocaleko programa librearen lehen saria, ganbera-abesbatzako hirugarren saria eta Frantziako kultur ministerioak eskainitako frantses konpositore batek idatzitako pieza baten interpretazio hoberenarena.

Abesbatza Zikloa osatzeko hurbilagokoak diren musikariei ere tarte bat utzi dute. Azaroaren 11n, Zentronikoko abesbatza arituko da Kultur Etxean arratsaldeko 20:00etan. Jaialdiko azken hitzordua ondoko larunbatean izanen da San Esteban Elizan. Iruñeko Orfeoiak kontzertua eskainiko du 20:00etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun