Berako Euskara Batzordeak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Berako Kultur Batzordearekin antolatzen duen VIII. Kafe Antzerki Zikloa heldu den ortziralean, azaroak 3 hasiko da Lixoia ostatuan. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek osatzen duten “Ez dok hiru” bikoteatroa “Larru Haizetara” izeneko antzezlana eskainiko dute 22:00etatik aitzinera. Komedia huntan bi protagonistek Sexua eta Euskara izanen dute aipagai nagusi. Definitzen duten bezala, Larru Haizetara sexu-terapia kolektiboa da. “Euskal-sexoa sintagma kontraesanguratsua da” Sigmund Freud-en esalditik abiatuz, “Ez dok hiru” konpainiak arazoa aztertu du ikuspuntu erabat zientifikotik. Antzezlan huntan euskara ez da bakarrik edukitzailea, edukia ere bada, Euskerak, gramatika zein fonetikak, eskaintzen dituen baliabide, sorpresa, hitz joku eta abarrei zuku guztia aterako diote.
Bigarren hitzordua, heldu den ortziralean zortzi izanen da Kataku, Ikuilu eta Bidaxka ostatuetan. Arratseko 22:00etatik aitzinera, Goizeko Izarra antzerki taldeak esketxak eskainiko ditu aipatutako hiru ostatuetan.