Karmeliten konbentuan Kultur Etxea egiteko proiektua airean dago. Nafarroako Gobernuak dirulaguntza handitzen ez badu Udalak ez du Kultur Etxerik eginen. Izan ere, Iruñetik 904.413,53 euroko dirulaguntza eman dute, onartutako aurrekontuaren erdia. Baina laguntza horrek ez du kontuan hartu konbentuko obra berezia dela eta ez ohiko kultur etxe bati dagokiona. Eraikina egoera kaxkarrean dago eta Principe de Vianak bereziki babesten duela kontuan hartuz, horrek nabarmen igotzen du lanen aurrekontua. Udaletik aipatu dutenez, aurrekontua 6 milioi eurora ailegatzen ahal da eta Nafarroako Gobernuak eman duen laguntzarekin, herria 20-25 urterako zorpetua geldituko litzateke. Honela, urriaren 23an egindako ez ohiko batzarrean, hartu duen dirulaguntzarekin ezin duela proiektua gauzatu erabaki zuen Udalak. Erabaki horren berri eman zioten urriaren 25ean Juan Ramon Corpas, Kultura eta Turismo kontseilariari, herrira egin zuen bisitan. Honek, arazoa moldatzeko aukera guziak aztertzeko prest dagoela aipatu zuen, baina, hasieran aipatu bezala, Kultur Etxearen proiektua airean da oraingoz.