Arantzako Kultur Egunak larunbatean hasiko dira eta heldu den asteazkenean bukatuko. Ekaitza elkarteak, guraso elkarteak eta Bortzirietako Mankomunitateak egitarau zabala prestatu dute Udalaren laguntzarekin. Larunbatean Ekaitza elkarteko egoitzan bertso afaria eginen dute Jon Martin eta Amaia Agirre bertsolariekin. Biharamunean, antzerkiaren txanda izanen da Mairu antzerki tailerrak eskainiko duen “erregea, soldadua eta bufoia” antzezlanarekin. Astelehenean ez da ekitaldirik izanen, baina ondoko egunean, asteartean, Afrikako Ipuinak kontatuko ditu Miren Kamisonek herriko gaztetxoentzat. Jardunaldi hauen egunik nagusia asteazkena izanen da, Baserritarren Eguna. Saindu guzien egunean, goizeko 10:00etatik aitzinera herrian bertan egiten diren produktuak edo eskulanak ikusteko eta erosteko aukera egonen da. 11:30ean herriko gaztagileek eginiko gazten lehiaketa eginen da bigarren aldikoz. Domina Saindu egunean goiz polit baten pasatzeko aukera paregabea egonen da Kultur Egunei bukaera emanen dien Baserritarren Egunean.