Berako herritar talde batek sinadura bilketa abiatu du monjak Jesusen Bihotza ikastetxean geldi daitezen

Xan Harriague 2006ko urriaren 25a

Ikastetxeko jabetza eskuz aldatu dela eta, Beran dauden 8 monjak Elizondora edo Iruñara joanen dira

Azken egun hauetan, Berako herritar batzuk sinadura bilketa abiatu dute monjak Jesusen Bihotza ikastetxean egon ahal izateko. Ikasturte berriaz geroztik, Jesusen Bihotza ikastetxeko jabetza aldatu da. Iraila arte, San Vicente Paul Karitateko Alaben Kongregazioarena zen, baina orain, Artzapezpikutzarena da. Hori dela eta, Kongregazioak Beran dituen 8 monjak Elizondora edo Iruñera bideratzea erabaki du. Haien desadostasuna agertzeko eta hartutako neurria galaraztezko, sinadura bilketa abiatu dute Berako herritar batzuk.

Karitateko Alabak duela 145 urte etorri ziren Berako Jesusen Bihotzeko ikastetxera irakaskuntzan aritzeko. Gaur egun, ehunen bat haurrek bertan ikasten dute baina monjak ez dira gehiago irakaskuntzan aritzen. Hala ere, sinadurak biltzen ari diren Beratarrek azpimarratu nahi dute eramaten duten lana, hala nola, eri direnak bisitatu, katixima eman eta bederatziurrena antolatu… Sinadura bilketa heldu den egun hauetan segituko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun