Gasna lehiaketa Xalbador Madariagak irabazi zuen eta sagardoarena Karmelo Larraldek

Xan Harriague 2006ko urriaren 24a

Haizetsu baina euririk gabe, egitarua osoa Altzateko Plazan eta Karrikan burutu zen. Goizeko 10:30etik aitzinera, eskualdetik eta Euskal Herritik etorritako postuak hedatzen hasi ziren, Altzate karrikan eskulangileak eta plazan berriz janari ekoizleak. Eskulangileetan ohiko gauzak ikusi ahal izan ziren, zur zizelkariak, ardi ilearekin egindako arropak, apaingarriak eta margolariak ... Guttiagotan ikusten diren bertze batzuk ere lekua izan zuten, hala nola albokak egiten zituena edo zetaren gainean margotzen zuena.

Altzateko plazan bildu zituzten janariarekin zerikusia zuten postu guziak. Hala, bazkari edo afari eder baten prestatzeko ez zen deus falta, hasi sarreratik, kopa arte. Ogi, haragi, eztia, gasna, pastel eta arnoak zeuden saltzeko, batzuk hurbil ekoiztuak bertze batzuk berriz urrunagotik ekarriak. Lurraren Egunean, postuek arrakasta handia izaten badute, Berako baserritarrek osatzen duten barazki erakusketaren ikustera ere jende anitz hurbiltzen da. Ohi bezala aurten ere kalitate handiko produktuak ikusten ahal ziren, betiko tomateak, lur sagarrak, kalabazak, azak, onddoak, porruak, batzuk ikaragarrizko neurrikoak. Berako baratzetan haziak baina berez kanpokoak diren barazki batzuk ere ikusgai izan ziren, tartean Mexikoko tomateak eta Zelanda Berriko kiwiak.

Erakusketa batetik bertze batera pasatuz, Rosa Mari Errandoneak osatutako argazki erakusketa ikusten ahal zen Labiaga ikastolan. Ehunen bat argazkiren artean, Berako xoko batzuk eta aspaldiko taldekako argazkiak begiratzen ehunka lagun aritu ziren. Jendea, Altzateko karriketan lasai ederrean ibiltzen ari zela, Rikardo Baroja ikastetxean hamabosten bat lagunez osatutako taldea lanean ari zen, gasna eta sagardo lehiaketan aurkeztu ziren produktuak dastatzen. Aurten 20 gasna eta 17 botil sagardo aurkeztu zirenez, ohi baino lan handiagoa izan zuten.

Bi orduz erabakitzen egon eta gero, epaimahaiak sailkapena ezagutzera eman zuen. Gasna lehiaketako lehen hiru sariak Arantzara joan ziren. Simonen Bordako Xalbador Madariaga izan zen aurtengo txapelduna, eta plaka oroigarria eta 220 euroko saria eskuratu zituen. Serorenbordako Margarita Madariaga bigarren gelditu zen eta hirugarren Ximonen Bordako Loli Mutuberria. Sagardoetan ere, lehen hiru sariak herri berera joan ziren, Lesakara hain zuzen ere. Karmelo Larraldek irabazlearen plaka eta 200 euro sari irabazi zituen. Bigarren saria, Josefa Almandozentzat izan zen eta hirugarrena Saturnino Pikabearentzat.

Ohitura den bezala, arratsaldean, gasna lehiaketako lehen 3ak enkantean atera zituzten. Goizean lehena gelditu zena, Xalbador Madariagarena, 100 eurotan joan zen. Iaz bezala, lagun koadrila batek erosi zuen. Bigarrena 50 eurotan joan zen eta hirugarrena 33 eurotan. Enkantea egiten ari ziren bitartean Julen Zelaieta eta Jesus Mari Irazu bertsotan aritu ziren. Egun guzian, animazio faltarik ez zen sumatu Berako Altzate inguruan, txistulariak, trikitilariak eta dantzariak goizetik arratseraino aritu baitziren. Batzuen ustez ohi baino jende guttiago sumatu bazen ere, Lurraren Egunak udazkeneko hitzordu nagusienetariko bat izaten segitzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun