Bortzirietako derbia urriaren 22an jokatuko da Lesakan

Aitor AROTZENA 2006ko urriaren 20a

TTIPI TTAPA

Beti Gazte eta Gure Txokoak ez dute ongiegi hasi denboraldia, baina gogoz daude partidurako

Igande honetan, urriaren 22an, jokatuko da Lesakako Mastegi futbol zelaian Beti Gazte eta Gure Txokoako futbol talde nagusien arteko derbia. Bortz denboraldi joan dira derbirik gabe eta honela, berriz ere ikusmina piztu du igandekoak, nahiz eta Lesaka eta Berako taldeak ez dauden beraien unerik gozoenetan. Hau idazterakoan sailkapenaren erdialdean daude bi taldeak, baina gibeleko postuetatik hurbilago aitzinekoetatik baino.

Joxe Mari Erkizia Beti Gazteko entrenatzaileak aipatu digunez, «denboraldi hasiera honetan jokalari eskasia izan dugu, lesioen ondorioz. Pixkanaka jendea errekuperatu eta ea goiti egiten dugun sailkapenean». Aurtengoan dexente berritu da Lesakako taldea, «jokalari batzuk futbola utzi edo bertze taldeetara joan direlako. Baina jubeniletatik etorri direnek ilusioa emanen diote taldeari».

Ganix Zubieta, Gure Txokoako entrenatzailearen erranetan, berriz, «esperientzia duten bizpahiru jokalari berri ditugu eta horrek konpetitibitatea ematen dio taldeari». Bi taldeetako entrenatzaile eta jokalariek irabazteko asmoa dute, noski, eta gogo hori somatzen omen da denboraldi haseratik entrenamenduetan.

Bortz denboraldi derbirik gabe

2000-2001 denboraldian jokatu ziren Bortzirietako azken futbol derbi nagusiak. Orduan, Matzadan 2-1 irabazi zuen Gure Txokoak eta Mastegin 4-2 Beti Gaztek. Denboraldi hartan, bere historian lehen aldiz Gipuzkoako Preferente mailara igotzea lotu zuen Berako taldeak, Erregionaleko txapeldun izan ondotik. Bi denboraldi egin zituen kategoria horretan, baina bigarren urtean Erregionaleko lehen mailara jautsi zen, Lesakako taldeak berriz ere Preferentera igotzea lortu zuen urte berean. Beraz, 2002-2003 denboraldian bi taldeen ibilbideak gurutzatu ziren: Gure Txokoak beheiti eta Beti Gaztek goiti egin zuten. Lesakarrek hiru denboraldi eman dituzte aldi honetan Gipuzkoako kategoria gorenean, baina azken denboraldian berriz ere maila galdu eta Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan jokatuko da Bortzirietako derbia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun