Endarlatsako zubi berriaren proiektua hautatu dute

Xan Harriague 2006ko urr. 19a, 18:45

Azpiegiturak 190 metro luze eta 15 metro zabal izanen ditu

N-121-A errepidean, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen dituen Endarlatsako zubia berritzeko proiektua hautatu du Herri Lan Sailak. Javier Manterola arkitektoak marraztu duen proiektua, 2002-2009ko Nafarroako Errepideen II. Lurralde Planean sartzen da.

Eraikuntza marrazteko, kontuan hartu dute batetik alde teknikoa eta bertzetik ingurumenaren begirunea. Bi ezaugarri hauetan oinarrituz, 190 metro luze eta 15 metro zabal izanen dituen zubia aukeratu dute. 3,5 metroko 3 karrilekoa izanen da, bi Bera aldera eta bertzea Irun aldera. Metro eta erdi izanen dituen bazterbideak izanen ditu saihetsetan. Hasiera batean aurre eraikitako egitura batzuen erabiltzea ikusten bazen, Bidasoa izokinen ibaia delako eta ingurumena ahal bezain bat errespetatzeko, arku bakarreko eraikina eginen dute ibaiertz batetik bertzera. Burdinez eta hormigoiez osatuko den zubia 100 metroko parabola batean bermatuko da. Aurrekontua 11 eta 13 milioi euro artekoa izanen da Gipuzkoako Diputazioa eta Nafarroako Gobernuaren artean ordainduko dena. Lanak 2009ko bukatuko direla aurreikusten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun