XX. Lurraren Eguna ospatuko da igandean Beran

Xan Harriague 2006ko urr. 19a, 18:28

Ohi bezala hainbat eskulangile eta ekoizle posturen artean argazki eta barazki erakusketak ikusten ahalko dira

Heldu den igandean, Gure Txokoa elkarteak antolatzen duen XX. Lurraren Eguna ospatuko da Beran. Goizeko 10:30etik aitzinera izanen da zer egin eta zer ikusi Altzateko plazan. Ohi bezala hainbat eskulangileren lanak ikusgai edo salgai izanen dira. Bestalde, barazki eta argazki erakusketak egonen dira egun guzian. Janaririk ere ez da eskastuko, Bortzirietan eta orohar eskualdean egiten diren elikagai batzuen dastatzeko aukera izanen da, bai goxoak eta bai gaziak. Berako txistulariak eta trikitilariak karrikaz karrika ibiliko dira bazterren alaitzeko. 11:00etan XX. Gasna Lehiaketa eta IX Sagardo Lehiaketa hasiko dira. Oroitarazi behar da Bortzirietakoei erreserbatua den txapelketa huntan parte hartu nahi dutenek produktuak 10:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituztela beti bezala Rikardo Baroja ikastetxean. Gasna bakoitzentzat 12 euro emanen zaie eta bi sagardo botilentzat 6 euro. Aurten ere antolatzaileek sari politak prestatu dituzte. Gasna lehiaketan, irabazleak 220 euro eta garaikurra eskuratuko ditu, bigarrenak 100 euro eta hirugarrenak 75 euro. Sagardo lehiaketan txapelduna baizik ez da sarituko, 200 euro eta garaikurra irabaziko ditu. Eguneko egitarauarekin segituz, 12:30ean Urnietako dantzariek erakustaldia eskainiko dute Altzateko plazan. Bazkal ondoan haurrentzako jokoak antolatuko dituzte.

Arratsaldeko 17:00etan, lehiaketen sari banaketa eta enkanteak eginen dira Jexux Mari Irazu eta Julen Zelaieta bertsolarien laguntzarekin. Egunari bukaera emateko, ilunabarrean, dantzaldia eskainiko du Irats taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun