Aurtengoan ere giro ederra izan da herriko Sanmigel bestetan. Hasteko, txupinazoa Biltokiren esku utzi zuen Udalak, herriaren alde elkarteak egin duen lan handia eskertuz. Honela, elkarteko lehenbiziko presidenteak, Josetxo Arburuak bota zuen lehendabiziko suziria eta gaur egungo presidenteak, Mari Jose Eugik, “Gora San Migel” oihukatu zuen. Ondotik, Biltoki elkarteko batzordeak oroigarria hartu zuen udal ordezkarien eskutik. Ekitaldi honek hasiera eman zion bortz eguneko besta egitaruari. Azkeneko urteetan bezala, gazteek prestatutako herri kirol saioa eta betizuetan egindako ikuskizunak sortu du ikusminik handiena. Lehenbizikoan, herri kirol proba bereziak egin zituzten eta berdintasun handia izan zen bi taldeen artean. Betizuetan, berriz, telebistako “Gran Prix” saioaren antzeko bat prestatu zuten. Betizua plazan zen bitartean proba ezberdinak gainditu behar izan zituzten koadrillek. Bertso-pilota saioan ere, bikain aritu ziren herriko gazteak.