XX. Lurraren Eguna igandean ospatuko da

Amaia eta Ainhoa 2006ko urr. 19a, 16:48

Bezperan, Lizuniagako Igoera lasterketa eginen da

Urriaren 22an ospatuko da Gure Txokoa Elkarteak Kultur Batzordearen laguntzarekin antolatutako XX. Lurraren Eguna. Urtero bezala ekitaldiz gainezka datorren egitaraua prestatu dute.

Urriaren 21ean, bezperan, eginen den Lizuniagako Igoera laisterketarekin hasiera emanen zaio. Igandean, berriz, ekitaldiak goizeko 10:30-ean hasiko dira, eguraldi ederra egiten badu Altzaten eta euria bada polikiroldegian eta Altzateko frontoian. Horrela, txalaparta, eskulangileen azoka eta erakusketa, barazki erakusketa, Bortzirietako produktuen salmenta, argazki erakusketa, ezti salmenta, ikastetxetako postuak, taloak eta gasna salmenta, etab. izanen ditugu egun osoan.

Bertzalde, 11:00etan XX. Gasna eta VIII. Sagardo lehiaketa ospatuko dira. Gazta lehiaketaren sariak hauek izanen dira: 1. saria 220 euro eta oroigarria, 2. saria 100 euro eta 3. saria 75 euro. Sagardo lehiaketaren saria bakarra izanen da, 200 euro eta oroigarria. Lehiaketetan parte hartzeko baldintza Bortzirietako ekoizlea izatea da. Gaztak eta sagardo botilak urriaren 22an goizeko 10ak baino lehen hartuko dituzte, ohi denez Rikardo Baroja Eskolan. Gasna bakoitzaren truke 12 euro ordainduko dira eta bi sagardo botilaren truke 6 euro.

Ordu berean, 11:00etan, Bera Trikitixa eskola eta Berako Musika Eskolakoek beraien saioa eskainiko dute. Ondoren, 12:30ean Urnietatik etorritako dantzarien ikuskizuna izanen da. Arratsaldeari dagokionez, 16:00etan haurren jokoak eta Beti Alai txaranga ikusteko aukera izanen da. Ondotik, 17:00etan, sari banaketa, enkantea eta Jexux Mari Irazu eta Julen Zelaieta bertsolarien bertso saioa adituko ditugu. Egunari akabera emateko, ilunabarrean dantzaldia izanen da Irats Taldearen eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun