Lehiaketa-zozketa eginen da Bortzirietako lantegietan

ttipi-ttapa 2006ko urr. 19a, 16:35
Bortzirietako Lan Munduko Euskara Batzordeak sindikatu ezberdinak biltzen ditu: argazkian, Julen Mitxeltorena (LAB), Patxi Altxu (UGT) eta Manuel Agirre (ELA). Urko Ikardo Euskara Mankomunitateko idaz

Lan eta bizi euskaraz eta...

Joan den urtean, Bortzirietako lantegietan euskararen erabilera bultzatzeko hiztegia karrikaratu zuen Lan Munduko Batzordeak. Euskaraz lan egiteko zailtasunak gainditzen hasteko, hainbat lantegitan euskaratu beharreko hitzen zerrendak bildu ziren, eta horiekin osatu zen aipatu hiztegia. Aurten, Bortzirietako lantegi nagusietan eginen den lehiaketa-zozketa batekin datoz, beti ere euskara laneko hizkuntza izateko bidean aurrerapausuak emateko helburuarekin.

Oraingo honetan ariketa bat proposatu nahi du Lan Munduko Euskara Batzordeak. Bortzirietako lantegi handi eta ertainetan, 2.000 orri banatu ditu horretarako, irudian ikusten diren bezalakoak hain zuzen ere. Aitzineko aldean, Euskal Herriko burdinolei buruzko testu bat ageri da, eta bertan badira hainbat hutsune. Gibeleko aldean, berriz, hutsune bakoitzeko hiru hitz ematen dira, eta horietako bakarra da zuzena, eta beraz, aukeratu beharrekoa.

Lantegi bakoitzeko batzordea arduratu da lehiaketa orrien banaketaz. Erantzunak jasotzeko kutxa batzuk paratu dituzte propio. Lantegiko batzordean ere jasoko dituzte. Horretarako azken eguna urriaren 26a izanen da. Erantzun zuzenen artean, bi lagunentzako afari bat zozketatuko da, Etxalarko Herriko Ostatuan eginen dena. Zozketa urriaren 31n eginen da Arantzako Herriko Etxean, eta irabazlea nor izan den behar bezala iragarriko da.

Lan Munduko Batzordeak lehiaketa honetan parte hartzeko gonbita egin nahi die Bortzirietako langileei. Horrez gain, euskara laneko hizkuntza izan dadin hau bezalako sentsibilizazio ekimenak egiten segituko du aurrerantzean ere.

Ekimen berria

Lan Munduko Batzordea Bortzirietako lantegietan euskararen erabilera normalizatzeko planak martxan jar daitezen ekimen berri bat ari da lantzen. Hala, enpresa guztietako ordezkariak bildu nahi ditu urriaren 26an, Lesakan, Matxinbeltzenean, 18:00etan eginen den bileran. Horretarako, deialdia bidaliko da egunotan lantegi guztietara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun