Ehun mila lagun baino gehiago eta balantze «ezin hobea» Berako Nafarroa Oinezen

ttipi-ttapa 2006ko urr. 16a, 16:52
Utzitako argazkiak

Eguraldi ona lagun, milaka lagun azaldu ziren atzo Berako Nafarroa Oinezera. Antolatzaileen ustez, «aurreikuspen guztiak gainditu ditu Oinezak, 100.000 euskaltzale gaino gehiago» bildu baitziren. Balantzea «ezin hobea» da.

Hirugarren aldia zen Beran ospatzen zena. Aurrekoak 1983an eta 1994an izan ziren.

Zinta moztea, goizeko 9:45ak aldera egin zuten Labiaga ikastolako bi ikasle txikik, Josetxo Sesek eta Maddi Ordokik, baina ordurako jendea hasia zen zirkuituko sarreretatik sartzen. Zazpi kilometroko ibilbidea zen, hiruti bat herriko kaskoan barrena, beste guztia inguruko muino ba-tzuetan, inguruan zelai ugari zeudelarik eta paisaia ederrak.

Egun osoan zehar ez zen aparteko arazorik izan, ez osasun arloan, ez segurtasunari dagokionean ere.

Antolatutako ekitaldi guztiak tenorean egin omen ziren. Iragarritako musika-talde guztiek eta bestelakoek garaiz egin zuten bere lana. Bi otordu-mota zeuden, sagardotegi tankerakoa eta paella, eta txartel guztiak erosi ziren, 900 guztira. Txosnetan, aldiz, espero baino askoz ere janari eta edari gehiago saldu zen, tenperatura altuek eraginda beharbada. Zenbait gunetan arratsaldeko lehenbiziko orduetarako agortuta zeuden edariak eta ogitartekoak.

Edalontzi birziklagarriei dagokienez, «arrakasta itzela» izan zen. Erabiltzaileek oso gustura hartu zuten ekimena, eta prestatutako 150.000 edalontzietatik gehienak erabili ziren. Horren ondorioz, dezente murriztu zen zabor kopurua, eta «inoizko Oinezik garbiena izan zen».

Zenbaki sarituak

Urtebetez hileroko 1.500 euroko soldataren saria zenbaki honen-tzat izan da: 14.058

Mediterraneoan barnako itsas bidaia (sarrerako txartelarekin), zenbaki honentzat: 00164.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun