Ameriketan ibilitako artzainen eguna ospatuko da urriaren 22an

Aitor AROTZENA 2006ko urriaren 19a

ttipi-ttapa

Eskualde osoko artzainak bilduko dira herrian igandean

Igande honetan, urriaren 22an, eginen da herrian Ameriketara joan ziren artzainen topaketa. Egitarau zabal eta aberatsa antolatu du egun horretarako Udalak, hainbat enpresa eta erakunderen laguntzarekin.

10:30ean Meza izanen da parrokian, hildako artzainen alde. Ordubete beranduago, herriko karriketan barna zaldunek gidatutako artaldea ikusteko aukera izanen da. Ondotik, ardi-latxen erakusketa izanen da ASLANA elkartearen eskutik: ardi mutur zuri eta mutur beltz saila, bildots mutur zuri eta mutur beltz saila, ahari saila eta eskualdeko sasi-ardiak ikusgai izanen dira.

Bertzelako erakusketak ere izanen dira plaza inguruan, hala nola, ardien ile mozketa aizturrarekin eta makinarekin, zintzarrien erakusketa eta gazta lantegiak. Gaur eguneko gaztagileak lanean ikusteaz gain, erakusketa etnografikoa ere plantatuko da, garai batean gaztak egiteko erabiltzen ziren tresnak erakutsiz. Ondoren bertsolariak ere arituko dira. Eguerdiko 12:30ean, hitzaldia izanen da Herriko Etxeko arkupetan. Jose Mailea, Renoko Unibertsitateko irakasleak «Artzainek zuhaitzetan utzitako seinaleak» gaia izanen du hizpide.

Bortzirietako artzainei buruzko liburu eta DVDa

Bortzirietako artzainen argazkiak eta bideoa ikusteko aukera ere izanen da. Aipatzekoa da, egun honen aitzakiarekin, «Bortzirietako artzainak Ameriketan» izeneko liburua eta DVDa argitaratu dutela Laura Yanci, Goizalde Urdanpilleta, Jesus Goldaraz eta Lander Santamariak. Artzain hauek kontatutako pasadizoekin, bertsoekin edo dokumentazioarekin batera, Ameriketan ateratako argazkiak bildu dira argitalpen interesgarri hauetan.

Bortzirietakoak ez ezik Baztan-Bidasoaldeko artzain guziak biltzeko asmoa duen eguna borobiltzeko, 14:00etan bazkaria izanen da frontoian. Bazkalondoan, opari banaketa, Estatu Batuetarako bidaia baten zozketa, berriz ere bideoa ikusteko aukera eta musikarekin dantza egin ahal izanen dute garai batean Ameriketan ibilitako artzainek, orduko kontuetaz solastu bidenabarkoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun