Beran bukatuko du bere ibilbidea Artea erakusketa

ttipi-ttapa 2006ko urriaren 2a

Utzitako argazkiak

Urriaren 14a bitarte ikusgai egonen da Berako Kultur Etxean

Euskal Herri osoko 60 artisten margoak eta eskulturak biltzen ditu Artea Oinez erakusketak. Iruñan inauguratu zen pasa den otsailean, eta ordudanik Iruña, Elizondo, Zizurkil, Lizarra, Donostia eta Oiartzun bisitatu ditu erakusketak, bisitari kopuru handia hartuz. Ortziralean, irailaren 29an inauguratuko da Beran erakusketa, eta urriaren 14a bitarte egonen da zabalik, eta horrekin emanen zaio akabera erakusketari. Erakusketa astelehenetik larunbatera egonen da irekia, arratsaldeko 6etatik 8etarako ordutegian.

Hiru atal nagusi ditu aurtengo Artea Oinez erakusketak: Baztan-Bidasoako artistei leku berezia egin zaie aurten, eta horien artean izen aski ezagunak eta hasiberriak tartekatu dira (Soubelet, Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin, Alvaro Matxinbarrena, Xabier Santxotena, Oaia Peruarena, Fernan Gorostidi, Maite Elgorriaga, Maddi Irazoki, Unai Ruiz, Juan Carlos Olaetxea, Juan Carlos Pikabea, Manolo Sanz, Jesus Sanz, Lourdes Arretxea, Jabier Igoa, Tomas Sobrino...). Artista horietako aunitzek 1983an Beran egin zen Nafarroa Oinezen aldeko erakusketan parte hartu zuten, eta berdin egin zuten 1994ean ere.

Bigarren atal batean, gainerako Euskal Herriko artistak biltzen dira: Nestor Basterretxea, Dora Salazar, Juan Gorriti, Juan Luis Goenaga, Jose Luis Zumeta, Koldobika Jauregi...

Hirugarren zatian, aldiz, Baroja familiari leku berezia egin zaio. Aurten betetzen dira 50 urte Pio Baroja idazlea hil zela, eta familia osoak Berako herriarekin izan zuen lotura agertu asmoaz, bertan bildu dira hainbat kuadro eta eskultura, Pio eta Ricardo Baroja zein Julio Caro Barojaren irudiak gogora ekartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun