Jose Antonio Arrillaga eta Txuki irabazle 27. Artzain Zakur Lehiaketan

ttipi-ttapa 2006ko irailaren 28a

Artzain zakur lehiaketako irabazleak lanean eta gasna lehiaketako podiuma. Utzitako argazkiak

Gasna lehiaketako txapela Antxoneberriko Enkarni Etxeberriarentzat izan zen

San Migelen aitzineko asteburuan giroa berotzeko jarduerak antolatu ziren. Igande goizean gasna lehiaketa izan zen herriko plazan. Guztira 11 gasna aurkeztu ziren, aitzineko urteetako kopuru bertsua. Txapela Antxoneberriko Enkarni Etxeberriaren gasnarentzat izan zen, bigarren saria Goiz Argi baserriko Amalia Seinentzat eta Argaldegaraiko Elena Retegik hirugarren saria lortu zuen.

Arratsaldean XXVII. Artzain Zakur Txapelketa jokatu zen Meakandiko zelaian. Zortzi zakurrek parte hartu zuten zozketak garrantzi handia izan zuen eta hasi zirenak ez zuten batere lan errexa izan. Ardiak bizi biziak zeuden eta horren ondorioz, lehen zakur eta artzainek ez zuten gauza handirik lortu. Hala ere, ardiak nekatu eta goxatu ondotik erakustaldi polita ikusi zen.

Lehen probaren ondotik, Jose Antonio Arrillaga eta Txuki, Peio Pagarizabal eta Alai, Xabier Urien eta Txiki eta Mikel Aizpurua eta Beti gelditu ziren bigarren probarako. Guttitan gertatzen den bezala, lau zakurrek helburua lortu zuten 6 minutuko mugan. Garbien aritu zirenak Jose Antonio Arrilagaren Txuki eta iazko txapelduna Peio Pagarizabalen Alai izan ziren. Epaileek eibartarraren alde egin zuten eta Jose Antonio eta Txuki izendatu zituzten Igantziko XXVII. Artzain Zakur Txapelketako irabazleak. Aiakoa bigarren gelditu zen. Mikel Aizpurua eta Beti podiumeko hirugarren postua hartu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun