Bi langile hil dira Endarlatsa eta Alkaiagan izandako lan istripuetan

Aitor AROTZENA 2006ko ira. 28a, 17:16
Alkaiagan gertatutako lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin zuen ezker abertzalek plazan irailaren 21ean. TTIPI TTAPA

Javier Marturet Jauregi, 51 urteko Iruñeko langilea lan istripuan hil zen irailaren 20an. Ezbeharra 17:00ak aldera gertatu zen Alkaiagako industrialdean Neumaticos Bidasoa enpresak egiten ari duen nabe berrian. Itxura denez, hildako langilea garabi baten gainean eta saski baten barrenean sartua ari zen lanean metalezko egitura batean soldadura lanak egiten, lurretik hamar metro ingurura. Momentu batean, garbi ez dauden arrazoiengatik, saskia dilindan hasi eta garabitik beheiti erori egin zen. Hildako langileak Montajes Uztarroz eraikuntza enpresarentzako egiten zuen lan.

Alkaiagako Istripua gertatu bezain pronto Lesakako osasun zerbitzuko kideei eman zieten abisua; 112 Larrialdietarako telefonoan ere deia hartua zuten. Medikuek, ordea, ezin izan zuten deus egin 51 urteko gizona salbatzeko eta anbulantzia ailegatu zenerako langilea hilik zela ziurtatu zuten Lesakako sendagileek. Langilearen gorpu hila Iruñera eraman zuten, Nafarroako Ospitalera, autopsia egiteko. Foruzaingoak hartu zuen bertan gertatu zena argitzeko ardura, eta saskia garabitik libratzeko arrazoia zein izan den zehaztekoa. Datu guztiak Iruñeko dagokion epaitegira igorriko dituztela ezagutarazi dute foruzainek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun