Urriaren 6ean ospatuko da Euskaltzaindiaren Batzarra

Amaia eta Ainhoa 2006ko irailaren 28a

Urtero Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez ospatzen den herrian antolatzen du urteko Euskaltzaindiaren Batzarra, beraz, aurten Beran bilduko dira parte hartzaileak.

Urriaren 6an izanen da, Nafarroa Oinez bestaren aintzineko astean, eta egunean zehar banatu dituzte ekitaldi ezberdinak. Eguerdiko 12etan Euskaltzaindiako Zuzendaritza bilera izanen da eta ondoren Labiaga Ikastolak Altzaten duen egoitza bisitatuko dute.

Arratsaldean, lehendabiziko orduetan, Sustapen batzorde bilera eginen dute eta hau bukatzen denean ageriko ekitaldiak ospatuko direnez, edonor hauek ikustera hurbil daiteke. Ageriko ekitaldi hauei hasiera emateko, Maider Senperrek, ikastolako zuzendariak, agurra eginen du ondotik Andres Urrutia Euskaltzainburuak aurkezpena. Ondotik, Patri Arburua, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikaria, Bortzirietako euskararen bilakaera eta egungo egoeraren inguruan ariko da eta hau bukatzerakoan Euskaltzaindiaren bi liburu aurkeztuko dira. Joxan Oizek ere, Labiaga Ikastolako euskara irakasleak, hitzaldi bat emanen du. Ondotik, Akademiaren adierazpen bilduma eta Eliza eta euskera jardunaldien liburua aurkeztuko dituzte A. Urrutiak eta A. Iñigok. Ekitaldi guztiei akabera emateko, Helen Santesteban Alkatesa andereak azken hitzak eskainiko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun