• «Alcoholicos Anonimos» elkarteak informazioa emateko hitzaldia eman zuen Beran irailaren 23an.
• Eritasun hau gainditzen laguntzeko elkarte honetan eta bilera hauetan egiten duten lanaren berri jakiteko, Maria X deituko dugun emakume beratarrarekin izan gara.
• Mariak aipatu digunez, «eskualdean alkoholiko aunitz gaude, guk uste baino gehiago, baina ez dira taldetara hurbiltzen beldurragatik eta jendearen zerrenagatik».
Nola ohartzen da pertsona bat alkoholikoa dela eta nolabait sendatzen ahal da eritasun hori?
Gaixotasun hau sendaezina da, ez da sendatzen. Baina ikasten ahal dugu onartzen, bide onetik nola bideratzen den eta pertsona aitzinera ateratzen, hori posible da.
Zer lantzen duzue herriz herri egiten dituzuen solasaldietan?
Norberak bere esperientzia kontatzen du, nola bizitu garen alkoholaren menpe eta nola bizi garen orain alkoholik gabe. Solasaldi hauek ez daude bakarrik alkoholikoei zuzenduak, publiko zabalari baizik. Baina eriok, baditugu gure terapiako bilerak, normalki jendaurreko solasaldi en aitzinetik.
Aipatu duzu zuen esperientziak kontatzen dituzuela. Eritasuna sendatzeko edo eritasunarekin bizitzen ikasteko lehen urratsa, eritasuna baduzula onartzea izanen da…
Hori da zailena, eri zaudela onartzea. Baina behin onartuz gero, lan gehiena egina dago. Horretarako daude terapia-talde hauek, elkar laguntzeko eta gure esperientziak trukatzeko.
Taldeetara hurbiltzen direnak, nolabait onartu dute alkoholikoak direla. Baina nola laguntzen ahal dugu ondoan bizi eta eri dagoela onartzen ez duen alkoholiko bati?
Taldeetara ailegatzen den jendeak oraindik ez du onartua bere gaixotasuna. Talde hauetan ikasten du nola onartu behar duen eritasuna. Izan ere, hau onartzea arrunt zaila da. Orduan erakusten diegu guk zer egin genuen eta nola onartu genuen, beraiek gauza bera egin dezaten.
Zein dira alkoholismoaren lehen sintomak? Noiz erraten ahal da pertsona bat alkoholikoa dela?
Norberak bere bizia ezin duenean gobernatu erraten ahal da eri dagoela, alkoholak gobernatzen baitu bere bizia. Pertsona ez da bera, alkoholaren menpe dago. Ez gara ohartzen gero eta gehiago edaten dugula, gero eta gehiago behar dugula eta alkohola edan gabe ezin dugula pasatu, alkoholak menperatzen gaitu. Horretan somatzen da menpekotasuna: geure biziak ezin ditugu guk nahiko genukeen bezala bizi, baizik eta menpekotasun horrek manatzen gaitu.
Nola hasten da pertsona bat alkoholismoan erortzen?
Alkoholikoa poliki-poliki hasten da edaten: gaur zerbait edan eta gero eta gehiago sartzen du. Azkenerako alkoholak menperatzen du. Hau droga bat da, baina gizartean ongi ikusia dagoena, gehien partez gure kulturaren zati bat delako. Horregatik, droga hau nonahi aurkitzen ahal duzu.
Ondoan dagoen pertsona batek nola laguntzen ahal du?
Terapiak ez dira bakarrik alkoholikoentzat, familiakoek ere badute terapia-bilerak. Eri gaudenok «Alcoholicos Anonimos» taldekoak gara. Familiarren elkartea ere bada eta baita, seme-alabei edo gaztetxoei zuzendua ere. Horrelakorik ez dugu Beran, baina bai Irun eta Iruñean. Etxean alkoholiko bat denean, familia osoak sufritzen du. Alkoholiko horrekin bizitzen erakusten duten taldeak dira.