Larunbat eguerdian, Berroeta, Arantza eta Igantziko haurrek herri kirol erakustaldia eskaini zuten Igantziko pilota lekuan. Euriak mehatxatzen bazuen ere, 200 bat herritar hurbildu ziren gaztetxoen animatzera. Erakustaldia kimuen mailakoek hasi zuten proba konbinatuarekin. Hasteko 8 koskor bildu behar izan zituzten, ondotik 80metro egin 3kiloko txingekin. Hirugarren ariketan, 3 lagunek itzuli bana egin behar izan zuten 6kiloko zakuarekin, eta azkenik, lasterka hutsean lagun batek bi itzuli eta bertzeak bat. Lau ariketa horiek hiru aldiz egin behar izan zituzten. Joko horretan etxekoak nagusitu ziren, bigarren postua Basaburukoei utzi zieten eta hirugarrena aranztarrei.
Haurren mailan ere proba konbinatua jokatu zuten baina aitzinekoa baino zailagoa. Aipatutako mailan ere 3 talde neurtu ziren, Igantzi, Arantza eta Berroeta. Kimuetan bezala, koskor biltzearekin hasi ziren baina oraingoan 10 koskorrekin. Ondotik 80metro egin behar zituzten 5kiloko txingekin. Zakuekin lasterka, talde bakoitzeko 3 lagun aritu ziren itzuli bana egiten 8kiloko pisuarekin. Ondoko ariketan, lasterka hutsean bi itzuli eman behar izan zituzten eta bukatzeko arpanean 2 mozte. Maila huntan ere ariketa horiek guziak 3 aldiz egin behar izan zituzten.Kimuen mailan etxekoak nagusi baziren, haurren mailan ez zen hala suertatu. Azkarrenak aranztarrak izan ziren. Hala ere, herrikoak ez ziren gaizki ibili eta bigarren postua lortu zuten guttigatik. Ongi borrokatu bazuten ere Berroetakoak hirugarren gelditu ziren.
Erakustaldia bukatzeko igantziarrak eta Basaburukoak goma gaineko soka tiran neurtu ziren. Proba konbinatuetan ez bazuten garaipenik lortu, soka tiran baztandarrek errex nagusitu ziren bi tiraldiak irabaziz.
Eguraldiaren aldetik giro tristea baldin bazegoen, larunbat goizean haurrek emandako erakustaldiak animoak berotu zituen San Migel bestetako aitzineko asteburuan.