San Migelak hasteko egun batzuk falta direla, pasa den asteburuan giroa berotzeko jarduerak antolatu zituzten igantziarrek. Igande goizean gasna lehiaketa izan zuten herriko plazan. Guztira 11 gasna aurkeztu ziren, aitzineko urteetako kopuru bertsua. Txapela Antxoneberriko Enkarmi Etxeberriaren gasnarentzat izan zen, bigarren saria Goiz Argi baserriko Amalia Seinentzat. Argaldegaraiako Helena Retegik hirugarren saria lortu zuen.
Arratsaldeko 16:30ean XXVII. Artzain Zakur Txapelketa jokatu zuten Meakandiko zelaian. Aurre ikusia zen bezala, arraza libreko 8 zakurrek parte hartu zuten. Txapelketa guzietan bezala, zozketak garrantzi handia izan zuen eta hasi zirenak ez zuten batere lan errexa izan. Artaldeak bizi biziak zeuden eta horren ondorioz, lehen zakur eta artzainek ez zuten gauza handirik lortu. Hala ere ardiak nekatu eta goxatu ondotik erakustaldi pollita ikusi zen.
Lehen proban, zakurra banderatxoen artean pasarazi, epaileek agintzen zutenean zakurra geldiarazi, artaldea artzainaren zangoetara bildu eta aldeetan ziren bi ateetariko batean pasarazi behar zuten. Lehen ariketa huntan 8 zakurretatik 5ek lortu zuten helburu horretarako zituzten 7 minutuetan. Mikel Garaiar Lindarekin, Jesus Razkin Hirurekin eta Felix Irigoien Peiorekin izan ziren huts egin zutenak. Jorge Oteiza eta Ametsek lehen proba bukatu zuten baina banderatxoetan gaizki ibili ziren. Gelditze bat huts egin zuten, beraz, ongi sailkatzeko akats gehiegi egin zituzten. Bertze lau bikoteak aldiz oso fin ibili ziren artaldeak nekatuak zirela ederki baliatuz.
Epaileak erabaki ondotik, Jose Antonio Arrillaga eta Txuki, Peio Pagarizabal eta Alai, Xabier Urien eta Txiki eta Mikel Aizpurua eta Beti aritu ziren 6 minututan hesi borobilean artaldea sartu beharra den bigarren proban. Guttitan gertatzen den bezala, lau zakurrek helburua lortu zuten 6 minututako mugan. Garbien aritu zirenak Jose Antonio Arrilagaren Txuki eta joan den urteko txapelduna Peio Pagarizabalen Alai izan ziren. Hori dela eta, txapela haien artean jokatuko zen. Epaileek Eibartarraren alde egin zuten eta Jose Antonio eta Txuki izendatu zituzten Igantziko XXVII. Artzain Zakur Txapelketako irabazleak 232 punturekin. Aiakoa bigarren gelditu zen hiru puntura. Mikel Aizpurua eta Beti podiumeko hirugarren postua hartu zuten 209 punturekin.
Astearte ilunabarrean, artzai zakur txapelketa huni buruzko saio bereizia eskainiko du Ttipi Ttapa telebistak 21:05ean eta 23:05ean.