Azkeneko alean aitzineratu bezala, hilabete honi bukaera emateko udazkeneko kulturaldia iraganen da. Ekaitza Elkarteak, Herriko Etxeak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Guratsoen Elkarteak elkarlanean egitaraua antolatu dute. Urriaren 29an Baztango Dantzari Taldeak emanaldia eskainiko du plazan 20:30etan. Ekimen hau, Udazkeneko Biraren barrenean sartua da.
Biharamunean, hilaren 30ean Txirene antzerki taldearen eskutik, "Nora hoa, neska!" izeneko antzezlana ikusgai izanen da 17:30etan. Urriari aio errateko, hilaren 31n, arratsaldez zein arratsez, Ekaitza elkartean berean izanen dira gauza gehiago. 19:00etan eta 22:00etan, 16 urte arteko eta hortik gorako lagunentzat hurrenez-hurren, mus txapelketak eginen dira. Xardin jatea ere izanen da nahi duen orok goza dezan.
Azaroa estreinatzeko, baserritarren eguneko bertze edizio berria eginen da. Goizeko 10etatik, baserritarren produktuak erakusgai izanen dira frontoian trikitilarien animazioarekin. Jakiak, edariak, eskulanak, arropak, nekazaritzako tresneria, aziendak… frontoian eta pilotaleku sarreran erakusgai paratuko dira herritarren eskutik. 17:00etan, frontoian, haurrentzako tailerrak Eragintzaren eskutik.
Beraz, aurten ere, urte sasoi honetako kultur egunak hartzeko eta egun hauetan parte hartzeko guziak prest gaude. Herritarrak ez ezik, bertakoak ez zaretenak ere gonbidatuak zaudete.