Jone eta Itxaso Fagoaga ahizpak txapeldun eta txapeldun orde gelditu ziren urriko lehen aste hondarrean Madrilgo Cantoblanco herrian jokatu zen skeet olinpikoko Espainiako Erregearen Kopan. Azken emaitzari begiratuta, ahizpa zaharrena, Jone, nahiko aisa nagusitu zela pentsatzen ahal da, 75etik 62 plater bota baitzituen, Itxaso ahizpa gazteenak 56 bota zituen bitartean. Baina kontuak estuago joan ziren eta 25 platereko azken txandara plater bateko abantailarekin ailegatu zen gazteena. Hondarreko txandan 14 plater bakarrik bota zituen Itxasok eta Jonek 21.