Lurraren Eguna hemeretzigarren aldiz eginen da igande honetan

Amaia eta Ainhoa 2006ko irailaren 25a

Aurten ere izanen da zer ikusi eta zer erosi Lurraren Egunean. ttipi-ttapa

Sagardo eta gasna lehiaketak eskolan eginen dira

Igande honetan, urriaren 23an ospatuko da Lurraren Eguna eta hainbat ekitaldi prestatu ditu Gure Txokoa Elkarteak. 10:30etan eskulangileen azoka eta erakusketa, barazki erakusketa, Bortzirietako produktuen salmenta, talo eta gasna salmenta, argazki erakusketa Labiaga Ikastolan eta ikastetxeetako postuak jarriko dira, bertzeak bertze. Ondotik, 11:00etan txalapartari eta Bera trikitixa eskolakoen txanda izanen da. Musika Banda, txistulariak eta Musika eskolako akordeoilariak 12:00etan hasiko dira jotzen eta bitartean Ricardo Baroja eskolan sagardo dastaketa eta lehiaketa eta gasna lehiaketa izanen dira. Zumarragako dantzariek 12:30etan eskainiko dute beraien saioa. Haurrentzako tailerra eta Kukuxtu Txaranga 16:00etatik aitzinera izanen dira eta ondoren, 17:30etan Julen Zelaieta eta Jon Barberena bertsolariek saioa eskainiko dute. XIX. Gazta Lehiketaren eta VIII. Sagardo Lehiaketaren sari banaketak 18:00etan izanen dira Altzateko Plazan. Gero, Irats taldeak giroa alaitu du dantzaldiarekin. Eguna ongi akautzeko hiltegi zaharrean Alan Courtis eta Billy Baoren kontzertuak antolatu ditu Ertz Arte Guneak.

Lehiaketarako gasna eta sagardo botilak igandean berean goizeko 10:00ak baino lehen hartuko dituzte antolatzaileek Ricardo Baroja Eskolan. Gasna bakoitzaren truke 12 euro ordainduko dira eta sagardo botilako 6 euro. Eguraldi ona egiten badu Altzate karrikan egurra, buztina, larrua, beira, sendabelarrak, elikagaiak eta bertzelako eskulanak erakusten, lantzen eta saltzen duten 60 artisautik goiti izanen dira. Eguraldiak ez badu laguntzen kiroldegian eta Altzateko frontoian ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun