Ameriketan ibilitako artzain lesakarren topaketa eginen da urriaren 28an, 18:00etan, Lesakako Beti Gazte elkartean. Laura Iantzi zinegotziak aipatu digunez, «Ameriketan ibilitako 40 bat lagun bizi dira gaur egun Lesakan. Herritik kanpo edo oraindik Ameriketan bizi direnak eta hil direnak kontuan hartuta, nabari da lanbide honek bere garaian izan zuen garrantzia». Beti Gazten bildu eta Ameriketako bizipenak berritzeko probestuko dute eguna artzain hauek. Bertara hurbiltzen direnek galderak luzatzeko aukera ere izanen dute. 20:30etan Alondigan, sagardo besta eginen da, kupela eta taloekin.
Lesakakoa ez da Ameriketan ibilitako artzainek inguruan egiten duten topaketa bakarra. Sunbillan, 1987tik honat urtero biltzen dira maiatzaren 1ean. Urtero bazkari sendoa izaten dute Ulibeltzak elkartean, eta hori laguntzeko, berezitasun gastronomiko gisara, lur azpian egositako ogia jaten dute, «Ameriketako artzain euskaldunen erara». Gisa honetako eta bertzelako kontuetaz aritzeko aukera paregabea izanen da seguruenik urriaren 28an. Bertze aldetik, urriaren 17tik azaroaren 5era ikusgai izanen da Beti Gazte elkartean «Artzain euskaldunak Rio de la Platan» izeneko argazki erakusketa, astelehenetik larunbatera, 18:30etatik 20:30etara
Lesaka Artzain Mundua Fundazioan
Artzantzarekin zerikusia duten zenbait jarduera egitera zuzenduko den Artzain Mundua Fundazioa eratzeko asmoa dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak, Arantzazuko Frantziskotarren Ermandadearen lankidetzarekin. Lesakako Udalak fundazio horren estatutuak onartzea eta mila euroko ekarpena egitea erabaki du ahobatez.