Igantziko Sanmigel bestak heldu den ortzegunean hasiko dira, baina giroa berotzen hasteko, asteburu huntan, hilaren 23 eta 24an, hainbat ekitaldi ikusteko parada izanen da. Bihar goizean nesken paleta txapelketaren finala jokatuko da herriko pilota lekuan. Kirolekin segituz, plater tiraketa eginen da arratsaldeko 16:00etatik aitzinera. Iluntzean, arratsaldeko 20:00etan, Igantziko dantzariek dantza saioa eskainiko dute frontoian. Igandean, ordea, artzain giroa izanen da nagusi. Herria iratzartzeko txistulari Igantziarrek herrian barrena ibiliko dira goizeko 10:00etatik aitzinera. Ordu eta erdi beranduago, III. Gasna Lehiaketa hasiko da. Larunbatean bezala igandean ere kirolak tarte bat izanen du Arantza, Berroeta eta Igantziko haurrek emanen duten herri kirol erakustaldiarekin.
Asteburuko ekitaldi nagusia, igande arratsaldean eginen den XXVII. Artzain Zakur Txapelketa izanen da Meakandiko zelaian. Orotara 8 bikote lehiatuko dira, Amaiurko Felix Irigoien Xaturekin, Oronozko Jorge Oteiza Labri edo Ametsekin, joan den urteko txapelduna Aiako Pello Pagarizabal Alaiekin, Elgoibarko Jose Antonio Arrillaga Lagunekin, aurten Amaiurren irabazi duen Mikel Aizpurua oiartzuarra Betirekin eta Mikel Garaiar bertze oiartzuarra Lindarekin. Xabier Urien eta Txikik osatzen duten bikoteak ere parte hartu beharko luke baina Euskal Herriko txapela irabazi duenez, goizean Oñatin arituko da eta beraz oraindik ez dago segurtatua Igantzin egonen denik. Zortzigarren artzaina, Ttipi-Ttapak jakin ahal izan duenez ez zen oraindik zehaztua.
Egin beharrekoak bi zatitan banatuak izanen dira. Lehenbiziko ariketan, 7 minutuko denbora izanen dute zakurra banderatxoen artean pasarazteko, epaimahaiak agintzen duenean geldiarazteko, artaldea artzainen oinetara ekartzeko eta ondotik bi hesien artean pasaratzeko. Bigarren ariketarako sailkatzen direnak artaldea hesi borobilean sartu eta atera beharko dute 6 minutuko denboraren barnean. Esatari lanetan gai horretan aditua den Patxi Urrutia amaiurtarra arituko da. Eguna bukatzeko 19:30ean sagardo besta eta gasna dastatzea egonen da plazan.
Artzain zakurren heziketari buruz gehiago jakin nahi dutenentzat Ttipi-Ttapa telebistak Jorge Oteizarekin egindako erreportajea eskainiko du gaur arratsean 21:05ean eta 23:05ean