Irungo Mariño taldeak irabazi zuen irailaren 2an, Lesakako Batzoki elkarteak bigarren urtez antolatutako emakumeen futbol kopa. Aurtengoan lau talde aritu dira lehiaketa honetan: Mariño, Bilboko Athletic, Osasuna eta Beti Gazte. Euskadiko selekzioaren partida zela eta, Athleticek bigarren taldea ekarri zuen azkenean.
Talde guziak guzien kontra aritu ziren, 25 minutuko partidetan eta gero, hiruna penalti bota zituzten, berdinketa izatekotan, postuak erabakitzeko. Azkenean, Joxe Luis Altzugarai lesakarrak zuzentzen duen Mariño nagusitu zen, Osasuna, Athletic eta Beti Gazteren aitzinetik. Azken partidan, Osasunak eta Beti Gaztek bana berdindu zuten. Iruñekoak aitzindu ziren markagailuan, baina lesakarrek berdintzea lortu zuten, Miren Zudaireren gol bikain batekin. Penaltietan Osasunakoak nagusitu baziren ere, itxura ederra eman zuten Koldo Erkiziaren neskek.
Juana Aleman eta Idoia Telletxeari omenaldia
Txapelketa hasi baino lehen, omenaldia eskaini zitzaien Beti Gazteko lehenbiziko nesken taldean sorreran izan ziren bi emakumeri, Juana Aleman eta Idoia Telletxeari. Duela kasik hogei urte zelairatu zen talde hartako partaide izateaz gain, Juana Aleman nesken taldeko eta Idoia Telletxea mutiko kadeteen entrenatzailea izan dira.