Berako Gure Txokoak irabazi zuen irailaren 2an Jon Irazoki zenaren omenez hamekagarren aldiz antolatutako futbol txapelketa. Berako Matzadako zelai gainean hiru talde aritu ziren elkarren kontra: Berako Gure Txokoa, Lesakako Beti Gazte eta Baztan. 45 minutuko hiru zatietan, gol bakar bat ikusteko aukerarik ez zuten izan zaleek.
Lehen zatian Baztan eta Beti Gazte aritu ziren eta husnako berdinketarekin akautu zuten norgehiagoka. Penaltietan, lesakarrak nagusitu ziren. Bigarren zatian Gure Txokoa eta Baztan aritu ziren eta hemen ere, arauzko denbora akautzerakoan ez zen golik ikusi. Penalti jaurtiketetan, Berakoak nagusitu ziren. Beraz, azkeneko zatian erabaki behar zen aurtengo txapelduna. Gainera, Beti Gazte eta Gure Txokoaren arteko lehia ikusteko aukera zegoen. Hau ere hutsean akautu zen. Penaltietan etxekoak nagusitu zirenez, aurtengo Jon Irazoki Memoriala Gure Txokoak irabazi zuen.
Bortzirietako derbia, urriaren 22an Lesakan
on Irazoki Memoriala aurredenboraldiko prestaketa lehiaketa izaten da. Larunbatean Matzadan ikusitakoaren arabera, oraindik badute zer hobetu eskualdeko asteburu honetan hasi den ligari begira. Aurtengoan, jakina, Bortzirietako derbia jokatuko da Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan Gure Txokoa eta Beti Gazteren artean, iaz lesakarrek Preferente maila galdu baitzuten. Lehenbiziko partida abudo etorriko da, urriaren 22an Lesakako Mastegi zelaian. Egun horretan, Berako besta egitarauan garrantzi handia hartu duen Lurraren Eguna ospatzen denez, komenigarria litzateke derbia larunbatera aitzintzea. Honela, bai jokalariek, baita jarraitzaileek ere, bi besta egun handiekin gozatzeko aukera izanen lukete.