Skalariak jarri dio musika Nafarroa Oinezi

ttipi-ttapa 2006ko irailaren 21a

Utzitako argazkiak

Estitxu Arozenak idatzi ditu abestiaren hitzak

Hilabete eskax falta da Nafarroa Oinez besta Beran egiteko. Hirugarrenez izanen da Beran, 1983 eta 1994an egin ondotik. 1983ko hura izan zen, hain zuzen ere, Nafarroa Oinez besta batean kantua egin zen lehenbiziko aldia. “Euskara eskolara” lelopean kantatu genuen orduan. 1994an Negu Gorriaken erritmora “Gotti, gotti” abestu genuen, eta aurten, ska doinuak aukeratu ditu Nafarroa Oinezek bere kanturako.

Skalariak talde iruñarrak egin du aurtengo kantuarentzako musika. “Baietz oraingoan” kantua Andoaingo Garate estudioetan grabatu eta nahastu da, eta Estitxu Arozena bertsolari lesakarrak egin ditu kanturako hitzak. Nafarroako musikagintzan nazioartean sona gehien duen taldea da Skalariak. Egunotan uda osoan Europan zehar egin duten bira amaitzen ari dira, Euskal Herria, Suitza, Alemania, Italia, Espainia eta Grezia bisitatu ondotik. Sona handiko talde bat aukeratu da, hortaz. Eta hitzak egiteko ere, Lesakako bertsolari ezagun bat, Nafarroako Txapela birritan jantzi duena, eta bertsolaritzaren irakaskuntzan burubelarri dabilena: Estitxu Arozena.

Kantuak aurtengo Nafarroa Oinezen asmoa eta helburuak biltzen ditu bere hitzetan. Labiaga Ikastolak azkeneko hamarkada osoa eman du DBH legeztatu ezinean. Aurtengo ikasturtean lehenbiziko zikloa legeztatzea lortu du, eta zailtasun eta traba guztiak gaindituta egoera honetara ailegatzea lortu du ikastolak. Mezu hori zabaldu nahi du aurtengo Nafarroa Oinezeko kantuak, leloan eta irudian bezala. Itsaso mugituan, izerdi tantekin lana eta ilusioa irudikatzen ditu aurtengo leloak, kantuari izen ematen dionak: Baietz oraingoan! Kantu ofizialaz gain, Labiaga Ikastolako ikasleek ahotsa paratu diote bertze kantu bati, “Jai da Nafarroan” izenburukoari, alegia. Kanta beraren bi bertsio egin dira. Batean, Lehen Hezkuntzako ikasleek kantatu dute, eta ikasle ohi batzuk arduratu dira musikaz. Bigarrenean, DBHko ikasleek “a capella” kantatu dute kantu bera. Abestiaren musika Begoña Rudi Labiaga Ikastolako musika irakasleak konposatu du, eta hitzak, aldiz, Nahia Artieda ikasle ohiarenak dira. Bi kantu hauek Berako MIK estudioan grabatu dira.

Kantua ez da salgai jarriko, oparitu eginen da. Hiru kantuak Nafarroa Oinezaren webgunean entzun daitezke, eta bertatik jautsi ere, mp3 formatuan, www.nafarroaoinez.net webgunean. www.skalariak.com webgunetik ere taldearen kantua jausten ahal izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun