2006ko Ertz jaialdia edo VII. nazioarteko bertze musiken jaialdia, joan den ortzegunean hasi zen eta igandean bukatu. Lau egun hauetan Donostian eta Beran hainbat kontzertu eskaini dituzte. Lehen ekitaldia Gipuzkoako hiriburuan izan zen, Artelekun, Gabriel Paiuken erakustaldiarekin. Biharamunean, leku berean, Phill Niblock eta Thomas Ankersmit, Amerikako Estatu Batuetako eta Alemaniako musikariek lantzen duten musikari buruzko hitzaldia eskaini zuten. Eguna bukatzeko Gabriel Paiuk kontzertua eman zuen pianoan. Larunbatetik aitzinera ekitaldiak Beran ospatu ziren, Kultur Etxean eta Herriko Etxeko Plazan. Kontzertu nagusian, herrialde ezberdinetatik etorritako hainbat musikarik parte hartu zuten: bezperan Donostian hitzaldia eman zuten Phil Niblock eta Thomas Ankersmit, Suitzako Norbert Moslang, Iban Urizar eta Mikel Etxegaraik osatzen duten Bizarra taldea, Oier Etxeberria, Islandiako Thor eta Runar Magnusson eta Gabriel Paiuk. Biharamunean, igandean, Pantxix Bidart, Kako Cavalié eta Maite Arroitajauregik, Llorenç Barber musikari Valentziarraren lehen partea egin zuten. Ondotik, ezkil jolearen txanda izan zen.