Nafarroako herriz herri txapelketaren finala joan den larunbatean jokatu zen Lantzen.Lehen proba konbinatuan, koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana biltzen dituenean, gure eskualdeko taldeak, Igantzi eta Gure Txokoa, ez ziren finalerako sailkatu, baina elkarren artean neurtu ziren laugarren posturako. Jardunaldi gehienetan bezalaxe Igantziarrak nagusitu ziren, azken postua Beratarrei utziz. Proba konbinatu horretako finala Garralda, Berriozar eta Ultzamako taldeen artean jokatu zen. Larunbatean Garraldakoek, azkarrenak izanez, txapela jauntzi zuten. Bigarren postua Berriozarko taldearentzat izan zen eta hirugarrena Ultzamarrentzat.
Bigarren proba konbinatuari dagokionez neurketa ez zen manera berdinean egin. Lantzekoa, V. Jardunaldia baizik ez zen izan eta txapela bortz horien denborak bateratuta erabaki zen. Proba hunek, indarreko hiru joko biltzen zituen, harrijasotzea, txingak eta ingudeak. Azken jardunaldi honetan, berriz ere Igantziarrak nagusitu ziren, eta ondotik Ultzamarrak. Hirugarren postua Garraldako taldearentzat izan zen. Gure Txokoakoek laugarren tokia lortu zuten Berriozartarren aitzinean. Bortz jardunaldiak kontuan hartuta, sailkapen orokorrean Igantziarrak izan ziren hoberenak, bigarren Garraldakoak eta hauen segidan, podiuma osatuz, Ultzamakoak. Lantzeko jardunaldian bezala sailkapen orokorrean ere, Gure Txokoakoek laugarren postua lortu zuten Berriozarko taldearen aitzinean.
Eta Nafarroako herriz herri txapelketa alde batera utzita baina beti ere herri kiroletan segituz, heldu den igandean, irailak 24, Euskal Herriko 2. Mailako aizkolari txapelketako finala, Nafarroako emakumezkoen arpana txapelketa eta Nafarroako 2. Mailako arpana txapelketa jokatuko dira, Uharte-Iruñako Toki Alai frontoian arratsaldeko 17:30etatik aitzinera.