Berako XIV. Mendi Bizikleta Ibilaldia ospatu zen joan den igandean. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, iaz baino lagun gehiagok parte hartu zuen aurten, orotara 131 txirrindularik. Hiru ibilbideen artean luzeenak izan zuen arrakastarik gehien. Matzadatik atera eta Sarralla, Zamarneko Borda, Etxeberriko Borda, Ibardin, Usategieta, Lizuniaga, Ardanbiden barrena berriz herrira eramaten zuen 28 kilometroko ibilbidea 112 lagunek egin zuten. Ahaztu gabe bizikleta proba hau ez dela lasterketa bat, goizeko 10:00etan abiatuta helmugara ailegatu ziren lehenak 11:30an iritsi ziren, eta azkenak 13:00ak inguruan. Ibilbide ertaina, ibilbide handia bezalaxe hasten zen, baina Usategietatik zuzenean herrira jautsiz. 18 km zituen guztira, luzeak baino 10 gutxiago. Arrakasta eskasa izan zuen ibilbide honek, guztira 4 lagunek baizik ez baitzuten egin. Hirugarren ibilbidea (8 km) 15 lagunek egin zuten. Gehienak haurrak ziren eta guraso batzuk izan zituzten begirale.
Probaren ondotik, antolatzaileek prestatua zuten aperitiboari esker, gastatutako indarrak berreskuratzeko aukera izan zuten txirrindulariek. Eta ez hori bakarrik. Proban izena eman zutenen artean bi mendi bizikleta ere zozketatu zituzten. Ttikien artean suerteduna, Igor Lanz beratarra izan zen, eta helduen artean Adrian Garate.
Joseba Lasartek Ttipi-Ttapari erran dionez, balorazio hagitz ona egin dute. Probak azken urteetan ezagutu duen emendatzearekin segitu du. Parte hartzaileak ere lehen baino urrunagotik heldu direla gaineratu du. Lehen, gehienak Bortzirietakoak ziren. Orain ere hala segitzen du izaten, baina gero eta gehiago dira Hondarribia, Irun eta Iruñekoak. Alde ezkor batzuk ere ikusi dituzte antolatzaileek. Hauen ustez, aurreko egunetako euriarengatik ibilbidearen zati batzuk arriskutsu zeuden, eta heldu diren urteetan ezaugarri hau ere kontuan hartuko dutela aipatu digute.
Azkenik, datorren urtean berriz errepikatzeko prest daudela azaldu digu Joseba Lasartek, eta bidenabar, laguntzaileen lana azpimarratu nahi izan du, guztiei eskerrak emanez.