Patxi Ciak irabazi zuen XVI. mendi Bizikleta Ibilaldia

ttipi-ttapa 2006ko irailaren 18a

Proba hasierako irudia, Asier Apezetxea buru zela. Ondoan, podiumean Patxi Cia irabazlea, Jose Mari Goia bigarrena eta Jose Luis Iñorbe hirugarrena. Utzitako argazkiak

Joxe Mari Goia herritarra bigarren izan zen proba nagusian

Joan den urtean bezala, Conor BikeZona taldeko Patxi Cia ultzamarrak irabazi zuen Igantziko mendi bizikleta ibilaldia. Patxi Ciak 56 minutu eta 58 segundu behar izan zituen 22 kilometroko ibilbidea osatzeko eta ordubetetik jautsi zen txirrindulari bakarra izan zen. Bigarrren postua, Igantziko Jose Mari Goiak eskuratu zuen, Ciak baino 3 minutu eta 52 segundu gehiago erabilita eta Jose Luis Iñorbek osatu zuen podiuma, 4 minutu eta 9 segundura helmugaratuta. Conor-Saltokiko Asier Apezetxea aranztarrak ez zuen suerterik izan eta lehenbiziko itzulian pintxazoa izan zuen. Azkenean, laugarren postuan akautu zuen, irabazleak baino 5 minutu terdi gehiagoko denborarekin. Aitor Urruzola bosgarren izan zen. Patxi Cia eta Asier Apezetxea igande honetan Espainiako Openeko proba batean parte hartzekoak ziren Kantabriako Ramales herrian.

Bertze kategorietako irabazleak

Master-40 kategorian, Ramon Lekuona nagusitu zen, Iñaki Izagirreren aitzinetik. Junior kategorian, Aitor Begino izan zen lehenbizikoa eta Beñat Seminario bigarren. Kadete kategorian, Beñat Txoperena igantziarra nagusitu zen, Aritz Mujikaren aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun